DURANGOKO AZOKAN BIZIRAUTEKO EZINBESTEKO GIDA

Heldu da urteroko zita, eta 51. aldiz, hemen dugu Durangoko Azoka! Kulturaren unibertso kosmikoa bost egunez kondentsatzen da Landako gunean, eta nahaspila ederrean biltzen dira labetik ateratako azken disko eta liburuak, konzertuak, tailerrak, egile eta artistak.

Azokan korrika sartu eta standetan doan dituzten produktuak pilatzen dituzun horietakoa zara? Toti Martinez de Lezearen sinadura lortzeko ilaran ematen duzu goiza? Goiz jaiki eta familia osoarentzat gabonetako opariak erosteko aprobetxatzen duzu? Disko berria atera duen modako talde horren kontzertua ikustera zatoz? Durangora hurbiltzeko aitzakiak milaka dira, eta zaren bezalakoa zarela, aurten azokan bisitari peto-petoa bihurtzeko ezinbesteko gida dugu zuretzat!


1) Lehenik, Urdaila bete eta bapo deskantsatu

JAN:

LO:

2) Zer topatuko duzu Durangoko Azokan?

Landako Guneko ateak zeharkatu eta berehala, zurrunbilo batean sartu zarela sentituko duzu; lasai, azokaren efektuetako bat da. Stand zuriz jositako kaleak topatuko dituzu albo guztietan; bertan daude zure poltsikoa hustu eta adimena beteko duten liburu, disko eta bestelako kultur produktuak pilatuta, berri usain zoragarri horrekin, polit eta txukun ilaran. Baina oraindik erosten hasteko prest ez bazaude, ez larritu; atera bertatik eta eman paseotxo bat gainontzeko guneetatik.



DURANGO FASHION WEEK



Gerediaga Elkartekoek dioten moduan, Durangoko Azoka kultura bizitzeko gune bat da; bost egunez, bertara hurbiltzen diren guztiek animalia basati bat osatuko dute, literatura, musika, artea, antzerkia, zinema eta bestelako diziplinak elkartuko dituena. Beraz, lasai hartu bisita; kulturak ez baitu soilik bost egun, 365 baizik.

Postuetatik begi lausotuak altxa, eta ingurura begiratzeko unea iritsi zaizu; garrantzitsua da azken gomendio hau, jende andana horren artean benetako altxorrak topatzeko aukera baituzu. Horietan onena, Durango Fashion Week da; tankerako ekitaldi kultural eta bilguneetan gertatzen den moduan, Landako Gunean ere estilo guztietako modeloak ikusiko dituzu pasioan; musika heavya maite dutela argi utziko dizutenak, neguak aspaldi bisitatu gaituela konturatu ez direnak, duela 50 urteko modari uko egiteko asmorik ez dutenak, tattoo eta piercing lehiaketatik igaro berriak diruditenak… Janzkera galaktikoz, fosforitoz eta lentejuelaz azaltzen direnak, garai batean gure aiton-amonak zeramaten arropaz jazten diren gaurko modernoak, jakintsu itxura hartuz gafapastak soinean daramatzatenak, zatarrenetan zatarrenak izateko lehiaketa batean parte hartu dutenak, borroka itxura modaz sekula ez dela pasako sinesten dutenak eta igandeko arropaz mezatik azokara zuzenean datozenak. Piztia eder horien artean zeure burua erabat eroso sentituko duzu, denontzat tartea baitago azokan. Ondo pasa!

Gabonetako opariak egiteko zerrenda



Azoka hobeto ezagutzen duzu, baina Landako Gunean berriro sartu eta aurreko zurrunbiloa handitu dela iruditu bazaizu, hartu sakon arnasa, eta honakoa gogoratu: GAZTEZULOren oasia Goienkale 66. zenbakian aurkituko duzu! Orain serio; hiru kaleetan banatzen da aretoa, Goienkale, Artekale eta Barrenkale. Izkina batean Azoka TB aurkituko duzu, eta parean, atseden gunea.
Barrenkaleren ezkerraldean Kabi@ren txokoan sartuko zara, eta aurrera jarraituta Areto Nagusiarekin egingo duzu topo. Aurrerago, Ahotseneako solasaldiak entzuteko aukera izango duzu, eta gora begiratzen baduzu, etengabe lanean dabiltzan kazetari gajoen neke aurpegiak begiztatuko dituzu.

Orain bai, azokan ondo kokatu duzu zeure burua, eta prest zaude erosketei ekiteko. Ez duzu zertan ezkutuan ibili behar; badakigu gabonetako opariak behingoz gainetik kentzeko esperantzaz etorri zarela. Eskaintza zabal eta oparo horren aurrean galtzeko arriskurik izan ez dezazun, bi motako erosketa zerrenda proposatu nahi dizkizugu; poltsikoaren araberakoa bat, eta pertsona berezi horrentzako opari egokiena aukeratzeko bestea.

POLTSIKO GUZTIENTZAKO GOMENDIOAK


Itsulapikoa hautsi gabe etorri bazara eta paga eskatzea ahaztu bazaizu, ez duzu zertan esku hutsik itzuli behar; postu askotan doako gauzak lortzeko aukera duzu, hala nola pegatinak, liburuetarako orri banatzaileak… Ez ahaztu GAZTEZULOko standetik pasatzen! Zure interesekoak izango diren lehiaketetan parte hartzeko aukera izango duzu, eta sekulako opariak irabazi! Gainera, urtero eskuetatik kentzen diguten Galder Izagirrek egindako argazkiekin publikatzen dugun egutegia ere salgai izango dugu eurotxo baten truke!

€€ GAZTEZULOko postutik oraindik aldendu ez bazara, jantzi Mikel Antero ilustratzaileak guretzat propio diseinatutako kamiseta eta ez duzu soinetik kendu nahi izango! Horrez gain, zure erosketak eroso eramateko poltsak ere diseinatu ditugu. Ez dugu gure standa denbora gehiagoz monopolizatuko; inguruan eduki askotako aldizkari eta egunkarien postuak aurkituko dituzu; egiezu bisita bat alboan ditugun The Balde, Entzun, Katakrak, Tmeo, Jakin eta inguruko bizilagunei.

€€€ Azokara benetako inbertsioa egitera etorri diren horietakoa bazara, eta Ruperren ezinbesteko diskografiaz harago joateko asmoa baduzu, adi; 246 postu eta 349 berritasunen artean ez duzu aukeraketa egiteko erraza izango. Musikazaleek ezin dituzue Musikazuzenean, Bonberenea, BagaBiga, Gor eta Bidehuts disketxeen postuak bisitatzeari utzi. Bertan aurkituko dituzue aurtengo nobedadeak, esate baterako, Izaro, Anari, Joseba B. Lenoir, Kokein, Liher, Hesian eta Gatibu. Aldiz, talde mitikoen bila bazabiltza, jo zuzenean Berri Txarrak, Vendetta, Willis Drummond, Zea Mays eta Esne Beltza taldeek antolatutako postuetara. Literatoentzat aldiz, Elkar, Alberdania, Pamiela eta gainontzeko etxe handiak bisitatu ondoren, eman aukeratxo bat modu independientean ekoitzitako lan berriei, esate baterako, Fernando Torrecillaren Altzoko Erraldoia autoekoizpenari edota Miren Gorrotxategiren 33 ezkil opera primari. Bestalde, komikizalea bazara, hurbildu Joseba Larratxe ilustratzaileak Nabarralderentzat sortu duen Eneko Aritza, lehen errege baskoia komikia ikustera. Oraindik xahutzeko dirua gelditu zaizula? Gorde Ahotseneako kontzertuez gozatzeko!

OPARIEKIN BETE-BETEAN ASMATZEKO

Gurasoentzat:

- Franco hil zuten egunak. Koldo Izagirre (Susa).
- Elkarrekin esnatzeko ordua. 
Kirmen Uribe (Susa).
- Esne eta eztizko lurra.
 Toti Martínez de Lezea (Erein).
- Anaitasunean. 
Pantxoa Carrere.
- Guria ostatuan.
 Ruper Ordorika. 
- Hauxe da despedidia. Oskorri.

Anai-arrebentzat:

- Bainera bete itsaso.
 Miren Amuriza (Elkar).
- Martin. Alaine
 Agirre eta Maite Gurrutxaga (Elkar).
- Gezurren basoa. Alberto Ladron de Arana (Elkar).
- Nomada. Aitziber Etxeberria (Erein).
- Aske maitte, aske bizi. Gatibu.
- Ertzetatik. Huntza.
- Bother. Vendetta.


Bikotekidearentzat:
- Airearen Isla. Mikel Hernandez Abaitua (Elkar).
- Euskal sukaldaritza praktikoa. Iker Martinez (Ttarttalo).
- EATE. Niña Coyote eta Chico Tornado.
- Tabula Rasa. Willis Drummond.

Durangora ez doan lagun horrentzat:
- Sator Lokatzak. Jon Arretxe (Erein).
- (Euskal) Literaturaren alde (eta kontra). Iban Zaldua (Elkar).
- Kixotenean.
Iñigo Astiz (Elkar).
- Zer demontre dago aulkien azpian? Harkaitz Cano (Pamiela).

Gaztezuloren kuttunak:
- Hauts. Liher.
- Anticontinente. Kerobia.
- Harro. Zea Mays. 
- Alsina. Xabier Mendiguren (Elkar).
- Gizajoen katalogoa. Joxean Agirre (Elkar).
- Hauts haietatik. Unai Villena (Elkar).

URREZKO UKITUA: Lagunak liluratu nahi badituzu, ez ahaztu zure abeslari edota idazle kuttunari sinadura eskatzea. Altxor baten moduan gordeko du!