Durangoko Azokak musikako azken nobedadeen 'playlist'-a osatu du Badok Atarian
Astero eguneratuko da zerrenda, abesti berriak publikatu ahala.
Durangoko Azokak 57.edizioko musika zerrenda sortu du Badok atarian, euskal musikaren azken nobedadeak jasotze aldera. Bertan bildu dituzte azken aldian kaleratutako kantuak eta, beraz, musikazaleek euren gogoko taldeen sorkuntzarik berrienak entzun ahalko dituzte eta, beharbada, baita ezagutzen ez dituzten musikarien berri izan ere.
Guztira, 75 talde baino gehiago bildu ditu Azokak bere zerrendan. Aniztasuna da nagusi eta musikari hasiberriak zein ezagunak topa daitezke bertan, hala nola Gatibu, Zetak, Esti Markez, Izaro, Eñaut Elorrieta, Mirua, Zea Mays, Liher, Ruper Ordorika, Ines Osinaga, Delirium Tremens, Kokein, Merina Gris, Habi, Gilda, Mikel Urdangarin edota ETS.
Musika taldeek abesti berriak kaleratu ahala gehituko dituzte zerrendara. Badok atarian entzungai egoteaz gain, Spotify plataforman ere osatu dute zerrenda, atari horretan abestiak igo dituztenekin.
Iragarkian eztanda
Horretaz gain, Durangoko Azokak edizio honetako iragarkia ere aurkeztu du. Spotean Landakogunea hutsik agertzen da, eta gazte batek koloretako eztanda egingo du gitarra eta bozgorailu batzuekin, eztanDA! aurtengo leloarekin jolastuz. Iragarkiko protagonista Uma Bracaglia aktore durangarra da.
Durangoko Azoka abenduaren 7tik 11ra izango da aurrez aurre, eta online denda ere martxan izango da, abenduaren 7tik 10era. Egitarau betea izango da azokan: disko aurkezpenak, solasaldiak, proiekzioak, antzezlanak… Hilaren amaieran emango dute egitarau osoaren berri.
