Durangoko Azokak "eztanDA" egingo du abenduaren 7tik 11ra

Ruben Ramos diseinatzaileak sorkuntzaren eta jaiaren eztanda irudikatu du azokaren kartelean.

Durangoko Azoka abenduaren 7tik 11ra antolatuko da eztanDA!  lelopean, eta aurrez aurreko salmentaz gain, online denda ere izango da. Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak azaldu duenez, 57. edizioan euskal kulturaren "eztanda" biziko da: "Sorkuntzaren eta jaiaren eztanda izango da; Durango osotik eta Euskal Herri osorako zabalduko den eztanda. Bost egunez iraungo duen eztanda". Ohiko moduan, bost eguneko egitaraua izango da hainbat gunetan banatuta: Irudienea, Saguganbara, Ahotsenea, Kabi@, Talaia eta Szenatokia. 

Azokako lehenengo egunean milaka ikasle izango dira, Ikasle Goiza dela eta. Eurei zuzendutako hainbat jarduera izango dira:  komikiak sortzeko tailerrak, literakzioa, antzerki sorkuntza, collage tailerra... Horrez gain, hirugarren urtez PortaDA! erronka antolatu da Lehen Hezkuntza eta DBH eta Batxilergoko ikasleentzat. Aurten hezitzaileentzat ere izango dira jarduerak: hezkuntzarako baliabide digital libreei buruzko saioa eta euskal kulturaren transmisioaz hitzaldia. 

Aurrez aurreko erosketaz gain, aurten ere etxetik erosketak egiteko aukera egongo da, webguneko online dendaren bidez, abenduaren 7tik 10era. Azokan salgai egongo diren nobedade guztiak eskuratu ahal izango dira denda digitalean.

Azoka amaitu eta gero ere, Zu non, han DA! egitasmoaren bidez, Euskal Herriko hamaika liburu-dendatan erosi ahal izango dira Durangon izandako nobedadeak. Aurten, lehen aldiz, liburu-aurkezpenak ere antolatuko dira liburu-dendetan.

Ruben Ramosen kartela
Ruben Ramos diseinatzaileak sortu du 57. Durangoko Azokako kartela, eta, azaldu duenez, bere ilustrazioak "unibertsoaren eta Big Bangaren hedapenera eramaten gaitu. Inklusibitatearen baitan, pertsona ezberdinen (ez emakume, ez gizon) ideiak, ilusioak eta norberaren imajinazio koloreduna irudikatu dut. Kulturak berak, bai literatura, bai musika, beste leku batera eramaten gaituenaren isla da". Kartelaz batera, ikono berri bat ere sortu du aurtengo ediziorako: "Izar moduko ikono bat da, eztanda irudikatzen duena"