Durangoko Azokak badu kartela!

Jose Antonio Sistiaga margolaria da 52. edizioko kartelaren egilea. Kartelaren oinarria pelikula esperimental bateko filmina da, eskuz margotutako zeluloidea.

Geroz eta gertuago dago aurtengo Durangoko Azoka, eta dagoeneko, antolatzaileak etengabe ari dira lanean, aurtengo edizioa prestatzen. Hala, 52. edizioko kartela aurkeztu dute; Jose Antonio Sistiaga margolariak egin du aurtengo irudia. Kartelaren oinarria pelikula esperimental bateko filmina da, eskuz margotutako zeluloidea. Antolatzaileen arabera, irudiak unibertsoaren sorrerara egindako bidaia iradokitzen du, eta horixe izango da aurtengo leloa: Sormenaren lurraldea DA!.

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu du edizio honetako leloa eta kartela: "Gure lurraldea ez da ohiko lurralde bat. Ez du mugarik, sormena iristen den lekuraino zabaltzen da. Lurralde honen oinarria kultura da, eta euskara da bere ardatza".

Aipatu duenez, bost dira lurralde honek dituen elementu nagusiak: sortzaileak, hartzaileak, azpiegiturak, sareak eta kultur politikak. "Bost elementuek bizia hartzen dutenean gertatzen dena zoragarria da: sortzaileak hartzaileak dituela, entzuleak plazera aurkitzen duela eta plazerak plazer berritua sortzea dakarrela". Izan ere, sormenaren lurraldeak, duela hamar urte hartzaile zena gaur sortzaile izatea ahalbidetzen du.

"Durangoko Azokan gauza asko gertatuko dira: jendea eta jendea, liburuak eta diskoak, istorioak, abenturak, doinu berriak, ikuskizun harrigarriak, emozioa, pasioa, gogoeta...". Mujikak gogoratu duenez, 52 egun falta dira 52. ediziorako. Gonbidapena egin die bisitariei Durangora gerturatzeko: "Bost egun eta 50 ordu dituzu errutinatik atera eta sormenaren lurraldea bizitzeko. Bidaiatu sormenaren lurraldera!".