Durangoko Azoka osorik DA!

54. edizioaren leloa “Osorik DA!” izango da, Azokako osagai guztiei erreferentzia eginez. Kartelaren egilea berriz, Oier Zuñiga iruindarra da eta bertan Azokaren ekosistema osoa irudikatzen du.

Aurtengo Durangoko Azoka abenduaren 5etik 8ra ospatuko da. Ohikoa denez, lehenengo egunean Ikasle Goiza ospatuko da eta bigarren egunean II. Sormen Bekaren irabazlea nor den jakinaraziko da.

Kartela ezagutaraztearekin batera Azokaren ildo nagusiak aurkeztu ziren atzo Durangoko Andra Mari elizpean. Esan bezala, “Osorik DA!” 54. edizio honetarako aukeratutako leloa. Oier Zuñigak ederto islatu du mezua aurtengo kartelean, bertan Azoka osatzen duten osagai ezberdinak azaltzen dira: sormena, salerosketa eta hartu-emana, besteak beste.

Horrela, kartelak lau zati bereizten ditu Azokari erreferentzia eginez: burua (sormena), bularra (zabaldu-erakutsi) eta hankak (akzioa eta mugimendua). Ekosistema horretan ordea, dena lotuta dago, konektatuta, Azoka osorik baita, “osorik DA”. Beraz, abenduaren 5etik 8ra hurbildu, sortu, zabaldu, eman eta gozatu!