Durangaldeak eta Lea-Artibaik jokatuko dute gaur Bertsolari Gazteen XXX. BBK Lehiaketaren finala

Finalaren ondoren, 30.urteurreneko festa egingo dute.

Durangaldeko eta Lea-Artibaiko taldeek lortu dute Bertsolari Gazteen XXX. BBK Lehiaketaren finalerako txartela, eta gaur jokatuko dute saioa Bilboko BBK Salan, 18:00etatik aurrera. 

Bizkaiko hainbat eskualdetako 50 bertsolari gaztek baino gehiagok hartu dute parte Bizkaiko Bertsozale Elkarteak, Bizkaiko Ikastolen Elkarteak eta BBK-k antolatutako lehiaketan. Sei bertsolariz osatutako zortzi talde aritu dira kantuan, Bizkaiko eskualde baten ordezkari, bi multzotan banatuta: 18 urtetik beherakoak alde batetik, eta 19 eta 25 urte artekoak bestetik.

Finala 18:00etan hasiko da eta sarrera dohainik izango da. Gainera, 30.urteurrenaren aitzakian, festa ere antolatu dute saioaren ondorenerako. Argazki zaharrak proiektatuko dituzte,  topa egingo dute eta bertso-saioa ere izango da. Ibon Iza, Onintza Enbeita, Igor Elortza, Asier Alcedo, Oihana Bartra, Nerea Ibarzabal, Etxahun Lekue eta Jone Uria arituko dira bertsotan, eta Idoia Anzorandia eta Igor Menika aurkezle lanetan. Aurretik, bertso jarriak ere izango dira, Ibon Izak BBK Sariketari jarriak.