DUMBO ELEFANTEAREN BENETAKO HISTORIA
Alkoholikoa zen eta bere zaintzaileen eskutik esplotatua eta abusatua izan zen. Jumbo deitutako elefanteak izugarrizko fama ukan zuen XIX. mendean. Disney-k marrazki bizidun bihurtu zuen "Dumbo" izenean eta orain Tim Burton-en eskutik pelikula bilakatu da.
Disney-ren Dumbo (1941) klasikoa 1939an Helen Abersonek haurrentzako idatzitako ipuin batean oinarrituta dago. Tim Burton zuzendari ospetsuak berriki egindako pelikula aitzakiatzat hartuz hezur haragizko elefantearen historia azalera atera da, erakutsiz, oraindik egiteko asko badago ere, zenbat aurreratu dugun animalien eskubideei dagokionez.
BBC-ren Attenborough and the Giant Elephant (2017) dokumentalak dionez Absinian (egungo Etiopian) hasten da historioa 1862an. Ehiztariak bi urte eta erdiko elefantetxo bat ehizatu zuten bere ama hil ondoren. Jumbo izena jarri zioten, suahilieraz “kaixo” esan nahi duena.
Itsasaldi baten ostean Jumbo Parisera iritsi zen eta urte gutxi batzuen ostean Londresera bidali zuten. Bertan Asiako elefante ugari zeuden baina Afrikakoak oso arraroak ziren. Jumbo ordea oso gaixorik zegoen eta ez zela asko biziko pentsatzen zen. Matthew Scott sartu zen ordea elefantearen bizitzan eta guztia aldatu zen.
Scott-ek Jumbo zaindu zuen hilabeteetan, bere kaiolan lo egiteraino iritsiz. Horrek, zaintzaile eta elefantearen artean lotura garrantzitsua sorrarazi zuen. Elefanteek duten berezko nortasun sozialagatik Scott ezinbestekoa bilakatu zen Jumborentzat eta zoologikoko jabeek asko eskertu zuten hori.
Londresek maite zuen Jumbo, “elefante adeitsua”: umeak bere bizkar gainera igotzen ziren eta jendeak pastelak oparitzen zizkion eta txanponak ematen zizkioten Scott-i. Jumboren nerabezaroan ordea, bere jokabidea aldatu egin zen: gatibu zeukaten sotoa txikitzen zuen eta Scott-i lasaitzeko okurritu zitzaion bakarra whisky-a ematea izan zen.
Hurrengo hamarkadan Scott eta Jumbo ospetsu egin ziren eta zaintzaileak gero eta diru gehiago eskatzen zuen ikuskizunak jarraitu zezan. Scott-ek isilean gorde zuen lasaitzeko animaliari whisky-a ematen ziola eta pastelekin batera elefantearen hortzeria hondatu zuten eta baita sistema digestiboa ere.
JUMBO AMERIKETARA DOA
Londreseko zoologikoko jabeek Jumbo P. T. Barnum enpresari estatubatuarrari saltzea erabaki zuten. Enpresari hau ezaguna zen garaiko freak show ibiltari ezagunen sortzailea izateagatik. Jumbo, beste hogei alerekin batera inauguratu berri zen Brooklyn-eko zubiaren sendotasuna erakusteko erabili zuten.
Jumbok zuen ospeagatik hiriz-hiri ibili zen eta treneko bidaia ugariek ahalbidetu zioten beste elefanteekin harremanak edukitzea. Horrek bere jokabidea hobetu zuen eta zenbait urte zoriontsu eduki ahal izan zituen.
1885ean historia bere bukaerara iristen da, Barnum-en zirkua Kanadako Saint Thomas-era iritsi zenean. Enpresariak kontatu zuenaren arabera, gau batean, animaliak kaiolan sartzeko prestatzen ari zirela, Tom Thumb elefante kumea trenbidean paseatzen zebilen lokomotorra zetorrela ohartu gabe. Dirudienez, Jumbok bere gorputzarekin babestu omen zuen kumea eta momentuan hil omen zen.
Egiazko historiak ez ziren ordea Barnum-en gustukoak, berak istorioak nahiago zituen. Dokumentalaren arabera, Barnum-ek istorio hori asmatu omen zuen Jumbo elefanteaz aberasten jarraitzeko bere heriotzatik harago. Egia omen da lokomotorrak jota hil zela animalia, baina ez zen heroiarena egiten ari. Hauek izan ziren Jumboren inguruan sortu ziren gezurren azkenak. Gezur horien atzean Barnum-en zirkuan animaliek jasotzen zituzten tratu txarrak ezkutatzen ziren.
Bere bizkar gainean umeek emandako paseoek ere bere artikulazioak ondatu zituzten. Ikertzaileek frogatu ahal izan zutenez, elefantearen hezurdurak zaharrago batena zirudien hiltzeragoan, nahiz 24 urte besterik ez izan eta elefante baten bizi itxaropena 70 urte ingurukoa denean.
Barnum-ek Jumborengatik egungo 200.000 euro ordaindu zituen eta bere inbertsioari zuku guztia ateratzeko prest zegoen, baita elefantea hil ondotik ere. Jumboren hezurdura saldu zuen eta taxidermista talde bati elefantearen gorputza mantentzeko ordaindu zien. Hauek, azken ezusteko bat aurkitu zuten bere sabelean: Jumbok xurgatutako 300 txanpon zituen bertan.
Egun jumbo hitza zerbait erraldoiaren sinonimotzat hartzen da animalia zaintzaileen etika faltagatik. Helen Aberson idazleak elefanteari Dumbo izena jarri zion ipuinean aurrentzat errakargarriagoa izan zedin, dumb hitzak inozo esan nahi baitu. Bitxia da histori tragiko hau teorian “zibilizaziotzat” hartzen zen mendebaldeko mundura iritsi zenean hasi izana.
Zorionez, animalien eskubideak munduko legedi guztietan indarra hartzen ari dira. Animaliekin egindako zirku eta zoologikoak krisian dauden aspaldidanik animalien aldeko erakundeengatik, gatibu dauden animalien bizitza gogorra munduari azalarazi baitiete.