Dualismoak lausotzen

Oihana Arana, Leire Vargas, Aner Peritz, eta Haizea Aranak kategoriak desagerrarazteko premiaz ohartarazten dute ‘eRRe’ bertso emanaldian.

Bertso udalekuetan ezagutu zuten elkar Arana ahizpek eta Peritzek, eta Vargas, berriz, sormen egonaldi batean. Bertsoak eta sorkuntzarako grinak batzen ditu laurak, baina elkarrekin zerbait sortzeko proposamena Lanku kultur zerbitzuak egin zien. Euren adiskidetasuna hasieratik sormen munduari lotuta egon bada ere, prozesuak bere berezitasunak izan dituela aitortu dute. “Sortzeko oso modu ezberdinak ditugu gure bakarkako lanetan. Nahiko harrigarria izan da horretaz jabetzea, eta izan ditu gorabeherak eta berezitasunak sormen prozesuak”, azaldu du Oihana Aranak. “Guk ezagutzen genuen eta gustuko genuen aurretik elkarren lana, eta batera lan egitea erabaki dugu uste dugulako elkarri ekarpenen bat egin diezaiokegula. Hortik gurea den zerbait sortzera badago aldea, ordea. Igarri da ez gaudela era kolektiboan lan egiten oso ohituak. Bakoitzak berea sortu eta elkartzera bai, baina, esaterako, elkarrekin bertso-sorta bat idaztera ez, eta hori nahikoa kostatu zaigu. Asko ikasi dugu elkarren inguruan eta baita geure buruaren inguruan ere. Ikasketa prozesua izan da”, gaineratu du Vargasek.
Lan prozesuan izan dituzte, beraz, ezustekoak eta aurkikuntzak, eta ikusleak ere harritu direlakoan daude. “Batzuek uste zuten estatikoagoa izango zela, askoz poetikoagoa. Absurdotik eta umoretik ere dezente dauka”, adierazi du Haizea Aranak. “Jendea harritu egin da antzerkitik eta jende aurreko mugimendutik zenbat duen ikustean, bertsolaria irudi estatikoaz lotzen delako eta burua baino ez den zerbaitekin. Ematen du bertsolarien gorputza oso deseroso dagoela oholtzan. Guk igarri dugu inertzia hori, ez gaudela ohituta horrela mugitzera oholtzan, eta landu egin nahi izan dugu”, esan du Vargasek.  
Ikuskizuna zeren inguruan mamitu pentsatzen hastean, euren gorputzak zeharkatzen zituzten gaiak dualismoaren markoan barnebiltzen zirela ohartu ziren: “Dena bitan dago banatuta, eta bitasun horietan banatzen dira zapaldu eta zapaltzaile rolak, eta hortik eraikitzen, zilegitzen eta aplikatzen dira egunerokotasunera. Gainera, hori horrela dela konturatzeak gogorarazten dizu, intersekzionalitatetik, zu zapaldua zarela baina zapaltzailea ere bai era berean. Kontraesan zerrenda luze hori etortzen da gainera”.
Dualismo horren barruan sartzen dira, hain zuzen ere, genero rolak. Gai horri lotutako bizipenak izateak zeresana eman diela uste dute, eta eurengandik asko uzten duten arren, benetakotasuna ere ematen diola emanaldiari. “Gu asko zeharkatzen gaituen zerbait da, laurok garelako feministak, laurok garelako «marikak eta bollerak», eta genero rol horien kontrako aldarria egiten dugulako, geure identitateak geure modura bizi ditugulako, eta apur bat rol horietatik kanpo. Ez dugu aipatu gai hau modan dagoen zerbait delako, estrategikoki, baizik eta benetan gu zeharkatzen gaituelako, eta gure errealitatea erakutsi eta normalizatzeko. Horrelakoak gara, hemen gaude, eta hau izatea erabaki dugu”, adierazi du Haizea Aranak. 

Bazterrekoa erdigunera ekartzeko beharra sumatzen dute kategoriak existitzen diren bitartean, “hauek ahalbidetzen edo babesten baitute desberdintasun eta hierarkia hori, eta existitzen diren bitartean ertzeko gauzak egongo dira eta ikusarazi beharrekoak”. Peritzek ohartarazi duenez, “sinetsi nahi dugu, eta geure burua konbentzitu, momenturen batean utziko diola ertzekoa izateari, zerbaitetarako ari garela honetaz hitz egiten, eztabaidatzen eta jende bati helarazten. Pentsatu nahi dut ez dela izango bizi osorako eremu deserosoa, eta ez naizela izango hiltzen naizen arte plazetan dabilen bertsolari «marika» bakarra. Urteak daramatzagu, baina urte hauetan guztietan beharra sentitu dugu, eta beharra sentitzen dugu oraindik ere”.
Argi utzi dute “ez dela inondik inora biktimismotik egiten den aldarrikapena”: “Gu zoriontsu gara gure burbuilan, konturatu barik bertsolari «matxirulo» asko dabiltzala plazan. Burbuilatik irtendakoan konturatzen gara hortaz, eta hor ikusten dugu beharra. Badaude eremu seguruak, orain dela urte batzuk existitzen ez zirenak, eta agian horietan babesa topatu izanagatik konturatu gara ez gaudela eroso eremu hegemonikoan. Oso pozgarria da burbuila hori existitzea behintzat, hortik kanpokoaz kexatzeko”.

Gaztetasunaren errekastoan
Gazte izanda, eurek egindako lana balioesteko moduaz ere badihardute ikuskizunean. “Plazan hasi ginenetik, hamahiru urterekin edo, oso agresiboki sartu behar genion ziria nagusiagoa zenari, geure posizioa berretsi eta jendearen aitortza lortzeko”, aitortu du Haizea Aranak. Peritz ere ados dago horrekin: “Adin horretako gazte bati balorazio positiboa eta harridurazkoa emateko egon daitekeen bide bakarra da zaharrari zaharra dela esatea, eta burusoilari burusoila dela. Gazteak ezin du egin hausnarketa bat ez dakit zeren inguruan…”. Oihana Arana eta Vargasek ere uste bera dute: “Nahiko toxikoa den bertsolaritza mota bat betikotu da, eta guk horrekin apurtu nahi dugu. Gazte izatea, alde batetik, abantaila ematen dizun zerbait da, heldua izango bazina onartuko ez liratekeen akats batzuk onartzen zaizkizulako. Gaztea izateko egindakoa nahiko ondo dagoela esango dizute agian, baina aldi berean hori bera zure lanaren debaluazioa da, zeren inoiz ez zaitu hartuko heldua izango bazina bezain serio. Jendeak beste maila batean jartzen zaitu, eta zure helburua halako tokira iristea izan daiteke, baina beti zure ranking propio horretan, zeinak benetakoak baino balio txikiagoa daukan. Zapaltzeko beste modu bat da”.

Dena den, aurrekoek bidea zabaldu izanak erraztu egin die jarduna euren iritziz: “Gure aurreko belaunaldian bertsolari «bollera» pila bat irten ziren. Eurak egon ez balira, agian gu ere ez ginateke horrela ibiliko”, aitortu du Haizea Aranak. Vargasek ere babestu du ideia hori: “Zortea izan dugu gutxieneko aniztasuna onartzen duen esparruan bizi garelako. Badaude beste gorputz batzuk inondik inora ere ikusarazita ez daudenak, ez onartuta eta ez ezer, baina gu identifikatzen garen disidentzia horiek badaude aurretik plazan, eta horrek baimendu digu guri hein batean eroso sentitzea bertsolaritzaren barruan edo gizartean, esparru batzuetan behintzat”.
Azken urteetan sortu diren saio mota eta ikuskizunek ere horretan lagundu dutela uste dute, hala nola Ez da kasualitatea, Erradikalak ginen, Señora sariketa edota «bollo» saioak. “Uste dut oso tresna onak direla horrelako saioak. Emanaldi horiek guztiek ibilbidea egin dute eta jende feminista asko bertsozaletu da. Bertsozalearen arketipoa, txapelketan edo bertso afari batean, gizon alkandoraduna da oraindik ere, baina pixka bat aldatu da errealitate hori, zabaldu egin da”, kontatu du Haizea Aranak.

Erosotasuna baztertuta
Gauza berriak probatzeko hautua egin dute, eta euren buruari erronkak jartzen saiatu dira: “Erdi txukun egiten genizkien gauzak baino gehiago egingo genituela erabaki genuen, eta hasiko ginela antzerkia egiten, dantzan, eta laurok tonu berean kantatu nahian. Bertso batzuk ere badaude nahita txarrak. Badaude gauza batzuk txarto eginda ere transmititu ditzakezunak, ez dago praktikatzen duzun arlo bakoitzean profesionala izan beharrik horren bidez zerbait transmititzeko”.  
Gainera, garrantzitsua iruditzen zaie norbere burua ez mugatzea: “Sorkuntzarako ahalmena asko zabaltzen du joera horrek, zeren zuk perfektu egiten dakizuna bakarrik egiten baduzu, beste guztia galtzen duzu. Datozen belaunaldientzat ere eredu positiboa da. Izan ere, bertsotan hala moduz egiten duten zenbat gizon ezagutu ditugu oholtzan? Eta zenbat emakume? Gorputz batzuei onartzen zaie eta beste batzuei ez. Eta ez da kasualitatea”.
Horrekin lotzen dute plazara salto egiteko garaia heltzen denean bertso eskoletan ematen den neska kopuruaren beherakada ere: “Batzuei ona izatea eskatzen zaie, eta beste batzuei, gustura egonda eta egiten dutena gustuko izanda, aurrera jarraitzea baimentzen zaie”.
Ona edo txarra zer den epaitzeko erabiltzen diren irizpideak ere zalantzan jarri ditu Peritzek: “Zer arauren baitan erabakitzen da zer den ona, zer txarra eta zer hala moduzkoa? Guri esan digute guk nahiko genukeen bertsolaritza utopiko horretan ere hala moduzkoak izango ginatekeela. Baina, gainera, esan digute bertsolaritza ona Jaungoikoak erabaki duena dela, guk ere benetan konpartitzen ez duguna. Hala moduzkoak gara ona izaten uzten ez diguten leku batean. Ezinezkoa da erabaki eta eraiki den bertsolaritza horretan ona izatea. Orduan, onak izaten utziko ez diguten leku honetan jarri gaituztenez, harro egongo gara hala moduzkoak izateaz”. Vargasek ere ikuspegi bera du: “Bertsolaritza arte adierazpena den heinean, arbitrarioa da zer den bertsotan ona eta txarra izatea. Teknikoki txarra izan zaitezke baina ekarpen handia egin diskurtso aldetik. Plazan baldintza batzuk bakarrik eskatzeak mota bateko bertsolaritza soilik egotea eragiten du”.

"Pentsatu nahi dut ez dela izango bizi osorako eremu deserosoa, eta ez naizela izango
hiltzen naizen arte plazetan dabilen bertsolari  «marika» bakarra”

Askatzailea zein beldurgarria
Euren gorputzak zeharkatzen dituzten gaiak hautatu arren, emanaldirako pertsonaiak eta karikaturak sortu dituzte. Hala ere, euren burua erakusten dutela ere badakite, ideologikoki esaterako. Askatzailea irizten diote esperientziari, baina beldurra ere pitz dezakeela aitortu du Peritzek: “Nire ustez bietatik dauka. Beldurra edo zera ere dezente sortu izan dit eta sortzen dit oraindik ere. Beti esaten dut ez dudala nire amama emanaldi hau ikustera joaterik nahi, badakidalako zer dagoen. Eta, aldi berean, askatzailea da jende jakinaren aurrean egitea. Badakigu batzuei gauza batzuk ez zaizkiela gustatuko eta, hori egin ondoren, oso askatzailea izango dela, baina niri momentuan, aldi berean, sortzen dit zeratxoa, bai baitakit gauza batzuk esatera noala jende batengana zeinak badakidan ez dituela konpartitzen. Ez dut zalantzarik, badakit kontra dagoela”.

Kritika eta autokritika
Arrazoi absoluturik ez dutela eta kritiketan euren burua ere sartzen dutela argitu du laukoteak: “Umoretik eta sarkasmotik asko dago. Kritika eta autokritika pila bat egiten ditugu zalantzatik eta galderatik. Galderak egiten ditugu, airean geratzen dira, eta norbere esku dago horri erantzutea edo barre egin eta lasai jarraitzea”.
Orain arteko ikusleengandik erantzun ona jaso dute oro har, baina eduki aldetik desadostasuna agertu diete zenbaitek. “Artistikoki oso ondo dagoela, baina diskurtso aldetik zalantzak dituztela aipatu izan didate, zehaztu ez badituzte ere. Badakigu batzuei ez zaizkiela gauza batzuk gustatuko, eta horretarako ere egin dugu, beraz, oso pozik alde horretatik”, adierazi du Peritzek. Galdera asko sortu eta pentsarazi diela ere jaso dute publikoarengandik, eta batzuk bitan joan dira emanaldia ikustera, “lehenengoan gauza asko geratu zitzaizkielako barneratu gabe”.
Hortaz, egiten ari diren ibilbidearekin gustura daude laurak, eta uste baino gozagarriagoa egiten ari zaie bidea. “Ohituta gaude bertsotan egiten duguna aldatzera, eta ikuskizun honekin hirugarren emanaldirako gauza bera egiteaz aspertuko nintzela iruditzen zitzaidan. Baina emanaldi bakoitzari bilatzen ari naiz zeozer desberdina, berritasuna. Emanaldiz emanaldi asko aldatzen da”, esan du Peritzek.
Eskertuta daude prozesuan bidelagun izan dituztenekin ere, bai zuzendari izan duten Edurne Azkaraterekin, eta baita bestelakoak zuzentzen eta egokitzen lagundu dietenekin ere: “Jende asko izan dugu prest testuak begiratu, zuzendu, eta guk egiten ez dakigun gauzetan laguntzeko. Lagunak ere izan ditugu hasierako entseguetan iritzia eta babesa ematen. Asko inplikatu dira lagunak, eta propaganda egiten ere aritu dira. Zortea dugu gure erreferente asko gure lagunak direlako. Badaukagu eurekin harremana eta aholkua eskatu ahal izan diegu”.