'Dragoi Bola' emateari utzi diote Argentinan genero indarkeria dela eta
Sexu indarkeria ontzat ematen duen testuingurua erakusten duelako salatu dute telesaila, eta telebista kateak emanaldiak bertan behera uzteko erabakia hartu du.
Gutako askoren haurtzaroaren parte izan da Dragoi Bola marrazki bizidunen telesaila baina Argentinako haur eta gaztetxoentzat ez da hala izango hemendik aurrera, bertan behera utzi baitituzte atalen telebistako emanaldiak. Estela Diez arduradun duen Emakumeen, Genero Politiken eta Aniztasun Sexualaren Ministerioak aurkeztutako kexa baten ondotik hartu dute erabakia.
Pasa den uztailaren 13an aurkeztutako dokumentuan salatu zutenez, Cartoon Network katean egun batzuk lehenago emandako Dragoi Bola Super telesailaren 91.ataleko edukiak ez ziren egokiak ume eta nerabeentzat. Atal horretan, 7 unibertsoa defendatzeko txapelketara joan aurretik, Gokuk bere lagunak bilduko ditu, horien artean aspalditik ezagutzen duen Dortoka maisua. Euren botere osoari etekina atera ahal izateko, lagunetako askok euren beldur eta ahuleziei egin beharko diete aurre. Dortoka Maisuaren ahulgunea "neska gazteak ikusitakoan izaten dituen pentsamendu perbertituak" dira. Horrela, neska gazte baten itxura hartzeko eskatuko dio bere burua eraldatzeko gaitasuna duen lagunari. Woolong-ek haren eskutik pairatutako gehiegikeria eta jazarpena gogoratuko ditu eta uko egingo dio eskaerari. Gaitasun bera duen Puar pertsonaiak baiezkoa emango dio, berarentzat deserosoa bada ere, eta neska bihurtzean honako hau esango dio: "Mesedez, aska nazazu, ez hurbildu". Eszena honek eragin zuen hain zuzen ere salaketa.
"Adineko pertsona batek adin txikiko pertsona zaurgarri bati eragindako sexu indarkeria egoerak erakusten dituela" ohartarazi zuten, "jarrera horiek ontzat ematen diren testuinguru batean". Dortoka Maisuak eta lagunetako batzuk urraketa horiek naturaltzat jotzea arbuiatu zuten.
Cartoon Network kateak kexa kontuan hartu eta atalak eragindako ondorioekin kezkatuta zeudela adierazi zuten. Etorkizunean horrelakorik gerta ez dadin, Dragon Ball Super bertan behera uztea erabaki dute. Valentziako A punt telebista katean ere bide bera jarraitu zuten martxoan, berau ematea garestia izateaz gain, genero legediarekin eta haurrentzako edukien balioekin bat ez zetorrela eta.