Dopamina eragiteko plataformak: erosten ari zarela simulatzea, dirurik gastatu gabe

Zerbait erosteko prozesuan burmuinean sortzen den dopamina eragitea da gune hauen asmoa, baina ez dago ordainketarik.

"Dopamina guneak" merkataritza produktu eta elikagaien erosketarako webgune edo aplikazio faltsuak dira. Erosketaren bat egiten, janaria eskatzen edo halako esperientzia bat bizitzen ari zarela simulatzen dute, baina prozesuaren amaieran dirurik ordaindu beharrik gabe. Erosketa edo eskaera erritual horien itxurak eginez, erabiltzaileak sari bat jasoko duela aurreikusten du eta, horren bidez, garuneko dopamina eragitea da helburua.

Hego Korean sortu zen joera hau, inflazioari, estres ekonomikoari eta kontsumitzeko bultzadari aurre egiteko mekanismo gisa. Ordutik beste toki askotara ere zabaldu da.

Webgune edo aplikazio horietan mundu errealeko erosketak imitatzen dituzte urratsez urrats. Prozesua bera izaten da garrantzitsuena, eta ez produktua lortzea. Izan ere, psikologo eta kontsumo-adituen arabera, dopaminaren puntu gorena sariaren ikusminak eragiten du, haren aurreikuspenak, erosketak edo kontsumoak berak baino. Esperientziak oroitzapenak, aurreikuspenak, lehentasunak eta aukerak aktibatzen ditu. Menu bat begiratzea bera plazerezko ekintza izan daiteke, ezer ez eskatuta ere. Beraz, poltsikoan eraginik izan gabe, erabiltzailea fase horretan denbora-tarte batez mantentzeak estresa arintzeko edo emozioen ordainsari modura balio dezake.

Joera guztiekin gertatzen den moduan, eta sarritan arrazoizkoa izaten da gainera, kezka ere sortu du ohitura honek. Zenbaiten iritziz, plataforma horiek erabilgarriak izan daitezke erosteko eta dirua gastatzeko bulkadak geldiarazteko. Beste zenbaiten ustetan, ordea, jokabide konpultsiboak birbideratu besterik ez ditu egiten, arazoaren iturburura jo eta hura konpondu beharrean. 

Orotariko guneak
Horietako aplikazio bat da biral egindako FoodNeverComes ("Janaria ez da sekula etortzen") izenekoa. Bertan, erabiltzaileek menuan arakatzen dute, orga birtuala bete, pertsonalizatzeko aukerak hautatzen dituzte eta bidalketa helbidea sartzen dute. Amaieran, ordea, ez dago kutxatik igaro eta ordaindu beharrik. Horren ordez, banaketa mezularia irudikatzen dute mapan mugimenduan, emandako helbiderako bidean. Erosi edo eskatutakoa agertu beharrean, aurreztutako dirua edo kaloriak ere erakusten dituzte.

Horren antzekoa da Fake Eats. Jatetxe aukeren artean ibil daiteke erabiltzailea, platerak eta osagaiak begiratu, eta orgatxoa bete. Gune honen asmoa bulkadak eta apetak saihestea omen da. Gainera, estadistikak ere ba omen ditu, desioa zerk eragin duen jakiteko: gosea, estresa, asperdura edo presio soziala. 

DopaHaul plataformak arropa, makillajea eta elektronika gauzak eskaintzen ditu "erosteko". Helbide eta ordainketa datu gezurrezkoak sartzen dira. Do`pamine Cart-ek, berriz, halako produktuez gain, hegazkin txartel faltsuak eta ostatuak erakusten ditu, bidaiatzeko grinaren ezinegona asetu nahi duenarentzat.

Janaria eskatzeko edo gauzak erosteko guneak ez ezik, badira bestelakoak ere. Adibidez, zigarroa erretzera ateratzean izaten den giroa irudikatzen duten webguneak daude. Etenaldia egiteko gelak irudikatzen dituzte eta ezezagunak elkartzen dira bertan, baina zigarrorik piztu gabe. Gamerrentzako jokoen liburutegi digital erraldoiak ere badaude, jokoak arakatu eta eraiki ditzaten, ezer erosi gabe.

Dreamscroll aplikazioak lo hartu aurretik sare sozialetan edukiak etengabe kontsumitzen igarotzearen alternatiba izan nahi omen du. Hain estresagarria ez izate aldera, natura irudiak erakusten ditu, iragarkirik eta arreta berenagatzeko algoritmorik erabili gabe. Ohera joateko oroitarazpenak programa daitezke bertan, eta erabileraren kontrola izan.