Donostiako Amara Berriko euskararen aldeko krosa egingo dute bihar
Hiru kilometroko edo sei kilometroko ibilbidea egin daiteke. Haurrentzako jolasak eta kontzertua ere antolatu dituzte.
ABkrossa lasterketaren, Amara Berriko euskararen aldeko krosaren, IX. edizioa izango da biharkoa. Amara Berriko euskara elkarteak antolatzen du eta euskara ardatz duen festa-eguna izaten da.
Lasterketa 19:00etan hasiko da, Isabel II.a hiribidetik abiatuta. Korrikalariek ibilbideari bira bat eman diezaiokete, hiru kilometroko lasterketa ez lehiakorra, edo bi bira, sei kilometrokoa. Helmuga irteerako leku berean izango da. Parte hartu nahi duenak www.herrikrosa.eus webgunean eman behar du izena, eta bihar bertan ere aukera izango da horretarako. Dortsalak eta poltsak egunean bertan banatuko dira.
Lasterketaz gain, beste hainbat ekintza ere izango dira Amara Berriko Probestu plazan. Haur jolasak egingo dituzte 17:00etatik aurrera. Krosa 19:00etan izango da, eta, ondoren, sari-banaketa izango da eta auzoko denda, taberna eta hainbat erakunderi esker zozketak egingo dira. Azkenik, 20:30ean, Gartxot Unsain musikari donostiarraren Ghau bakarkako proiektuaren kontzertu akustikoa izango da.