Egilea: Anaitze JL Photo

Donostiara iritsi da 'Gure Zirkua'!

Sarrerak agortu dira Interneten, baina Saguesen bertan ere salgai jarri dituzte; azkar ibili!

Argazkia: Anaitze JL Photo

Euskarazko lehen zirku ibiltariak Donostian bukatuko du aurtengo ibilaldia, uda osoan herriz herri ibili ostean. Hala, urrian 24 emanaldi eskainiko dira Sagueseko zabalgunean jarriko den karpan eta Internet bidez salgai jarritako sarrera guztiak agortu diren arren, gaur bertan, arratsaldez sarrerak eskuratu ahal izango dira zirkuaren txarteldegian.

Iker Galartzaren ekimenez sorturiko zirkuak ez du beste hiribururik bisitatuko aurten eta Donostiako emanaldiekin bukatuko da Gure Zirkuaren bira. Gure Zirkuak Donostian izandako harrerak ezustean harrapatu du Iker Galartza bera. “Lehendabiziko 4.000 sarrera 12 ordutan agortu ziren eta irailaren 26an jarritakoak ere berehala bukatu ziren. Oso pozik gaude jendearen harrerarekin”.

Orain arte udan Euskal Herrian egindako emanaldietan 18.000 pertsona baino gehiago izan dira. Donostian berriz, 6.250 lagun espero dira. Iker Galartzaren ustez datuak uste baino hobeak izan dira. “Jendeak Gure Zirkuari erantzun ona emango ziola espero
genuen baina egia esan uda biribila izan da. Kontuan hartu behar da 260 lagun besterik ez direla sartzen emanaldi bakoitzean eta horrek esan nahi du emanaldi guztiak jendez gainezka izan ditugula”.
Ikuskizunari dagokionez, zirku klasiko baten aldagaiak izango ditu: bikote xelebre batek egingo ditu aurkezle lanak (Poxpolo eta Don Martin) eta ikusleen algarak eragingo dituzte; magoak eta malabaristak izango dira, trapezio eta oihaletatik zintzilikatuta
mugimendu ikusgarriak egingo dituztenak eta abar. Hamabi artista guztira. “Ordu eta erdiko ikuskizuna da, atsedenik gabekoa. Ilusioa sortzen du, erritmo bizikoa da eta ikusleak ez du tarterik izango aspertzeko ”. Ez galdu!