Donostiako Zinemaldiko Gazteriaren Epaimahaiko kide izateko izen-ematea zabalik dago
Egunean, batez beste, hiru film ikusi eta bozkatzea izango da epaimahaikideen egitekoa.
Gazteriaren Epaimahaia 18 eta 25 urte bitarteko 150 gaztek baino gehiagok osatuko dute eta Gazteriaren TCM Sariaren film irabazlea aukeratzeko ardura izango dute irailaren 15tik 24ra bitarte iraungo duen 70. Donostiako Zinemaldian. Sarirako hautagai diren filmak Horizontes Latinos Sailekoak eta New Directors Sailekoak izango dira. Hortaz, batez beste gazteek hiru film ikusiko dituzte egunean Kursaal auditoriumean. Euren ardura epaimahaiko kideentzat programatutako emanaldi guztietara joan, filmak ikusi eta emanaldien aurretik banatuko zaizkien paperen bidez bokatzea izango da.
Epaimahaiko gazteek sari-banaketan ere hartuko dute parte. Sarituari dagokion plaka Kursaaleko Ganbera aretoan antolatutako Gazteriaren Itxiera Ekitaldian ematen da, film irabazlea berriro proiektatu aurretik.
Gazteriaren epaimahaiko kideek gainerako saio guztietara sartzeko aukera ere izango dute, baldin eta haientzat programatutako nahitaezko saioen ordu berean ez badira eta aretoan lekua badago. Dena den, akreditazioak ez du belodromora, inaugurazio, klausura, Donostia sariaren galetara eta Zinemaldiko instalazioetara sartzeko aukerarik ematen.
Epaimahaiko kide izateko, izena emateko formularioa bete eta motibazio-gutuna bidali beharko da. Parte hartzeko arauak ere onartu beharko dira. Uztailaren 1ean amaituko da horretarako epea.
Informazio gehiago nahi izanez gero, 943 481212 telefono zenbakira deitu edo juventud@sansebastianfestival.com helbide elektronikora idatzi behar da.
