Donostiako Zinemaldiko alfonbra gorrian ikusiko ditugun artistak
Pelikulak ikusteaz gain, alfonbra gorrira gerturatu eta artistak ikustea, argazkiak ateratzea edo autografoak eskatzea gogoko baduzu, adi!
Donostiako Zinemaldiaren 74. edizioa irailaren 18tik 26ra izango da, eta aurtengoan 47 herrialdetako 263 film emango dituzte. Munduko osoko zinemagile, antzezle, ekoizle eta gidoilariak izango dira Donostian. Hauek dira horietako zenbait:
1. Naomi Watts
Aktore australiarrak Donostia Saria jasoko du irailaren 19an, eta Ben Shirinianek zuzendutako The Housewife filmeko aktorea izanik, hura aurkeztera ere etorriko da.
2. Brad Pitt
Ziur asko zalaparta handien sortuko duen bisitetako bat izango da Brad Pittena. David Ayerrek zuzendutako Heart of the Beast filmeko aktorea eta ekoizlea da, eta lehiaketaz kanpo aurkeztuko dute Sail Ofizialean.
3. Marion Cotillard
Sail Ofizialean Nicole Garciak zuzendutako 7h40 ce matin-là / Milo pelikulak parte hartuko du eta Marian Cotillard da filmeko protagonista.
4. Orlando Bloom
Werner Herzog zinemagile alemaniarraren Bucking Fastard filma ikusi ahal izango da Zinemaldian, eta Bloom da bertako aktoreetako bat. Gainera, zuzendariari Donostia Saria emateaz ere arduratuko da.
5. Penélope Cruz
Azken hilabeteotan zinema kritikarien eta zinemazaleen ahotan dabiltzan bi filmetan lan egin du aktore madrildarrak: Javier Calvo eta Javier Ambrossiren La Bola Negra eta Olivia Wildek zuzendutako The Invite. Biak proiektatuko dituzte Zinemaldian.
6. Ricardo Darín
Behin baino gehiagotan izan da Ricardo Darin aktore argentinarra Zinemaldian, eta edizio honetako irudia ere bada, kartel ofizialean ikus daitekeen moduan. Hernán Goldfriden Lo dejamos acá pelikula aurkeztuko du.
7. Jose Ramon Soroiz
Iaz Maspalomas pelikula aurkezten izan zen Zinemaldian, eta aurtengoan Zinemira Saria jasoko du antzerkian, telebistan zein zineman lanean egindako ibilbide luze eta oparoagatik.
8. Patricia Lopez Arnaiz
Epaimahai ofizialeko kidea izango da eta, beraz, hainbat pelikula ikusteko aukera eta sariak erabakitzeko ardura izango du. Horretaz gain, David Perez Sañudok zuzendutako Sacamantecas pelikulan egindako lana ere erakutsiko du bertan.
9. Eduard Fernández
Aktore bartzelonarrak Roberto Bueso zuzendariarekin lan egin du El mal padre pelikulan. Hiru seme-alaben aitaren rola jokatu du film honetan.
10. Dolores Fonzi
Fonzi behin baino gehiagotan izan da Donostian bere lanak aurkezten, eta oraingoan Pablo Larrainek zuzendutako Mis muertos tristes telesail laburra izango da proiektatuko dena.
11. Martin McDonagh
Irlandar jatorriko zinemagileak bere azken filma Wild Horse Nine aurkeztuko du Zinemaldian. John Malkovich, Sam Rockwell eta Steve Buscemi aktoreak zuzendu ditu, besteak beste, film honetako istorioa kontatzeko.
12. Diego Luna
Diego Lunak berak zuzendutako Ceniza en la boca pelikula ekarriko du Donostiara. Brenda Navarro idazlearen izen bereko liburuan oinarritutako lana da. Tabakaleran solasaldia ere egingo du mexikarrak, irailaren 21ean.
13. Noémie Merlant
Frédéric Cavayek zuzendutako Les Misérables filmagatik izango da aktore paristarra Zinemaldian. Berarekin batera, zuzendariak berak, Tahar Rahimek eta Camille Cottinek zapalduko dute alfonbra gorria.
14. Tom Sturridge
Tom Sturridge aktore ingelesa Ira Sachs eta Rami Malek aktoreakin elkartuko da Donostian, The Man I Love filma aurkezteko.
Hauez gain, beste hainbat ere izango dira: Jeremy Irons, Camille Cottin, Rami Malek,... Artistak ikustea, haien edota haiekin argazkiak ateratzea eta autografoak eskatzea gustuko baduzu, adi ibili Zinemaldiak etorreren eta alfonbra gorrien berri ematen baitu egunero webgunean. Gozatu pelikulez eta Zinemaldiaren bueltako guztiaz!