Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izango dituzun euskarazko hamar lan

Zinemaldia irailaren 18tik 26ra izango da martxan, eta bertan gozatzeko euskarazko filmak eta telesailen bat edo beste ere izango da. Hona hemen horietako hamar.

1. Inurri Itsuak 

Igor Legarretak zuzendutako film hau Las ciegas hormigas eleberrian oinarrituta dago. Istorioa Bizkaian kokaturik dago, 1930 aldera. Ekaitz gogor baten ondorioz, barnean tonaka ikatz dituen itsasontzi ingeles bat hondartu egin da. Gauean, Algortako herritarrak kostaldean bildu dira urre beltza erreskatatzeko. Sabas Jaureguik zorte-kolpetzat joko du gertaera; Josefak —Sabasen emazteak—, berriz, seinale txartzat. Josefaren erreguei jaramonik egin gabe, Sabasek ekaitzera eramango ditu semeak. Familiak pentsaezina egingo du negu gorritik salbatuko dituen ikatza babesteko. Urko Olazabal, Itziar Ituño, Joxean Bengoetxea, Miren Gaztañaga eta Patxi Bisquert dira aktoreetako batzuk.

2. Azken Agurra

Koldo Almandozen filma Zinemaldiko Sail Ofizialean izango da, lehiaketaz kanpo. Iñigo Azpitarte aktoreak hileta laikoen enpresa baten jabea gorpuztu du film honetan. Mozkortuta gidatzeagatik gidabaimena kendu diote, praktiketako ikasle gazteago batekin maitemindu da, dirua eskatu zion boxealari erretiratua bere atzetik dabil, eta alaba konturatuko da ez dela berak uste zuen aita. Azpitartez gain, Izaro Nieto, Joxean Bengoetxea eta Iñaki Beraetxe dira aktoreak.

3. Odol Ilargia

David Rodriguezen telesail laburrak institutuko ikasle ohien festa bat du abiapuntu. Julenek ez du festa horretara joateko gogorik, baina garai hartatik laguna duen Melyssarekin batera bertaratuko da. Ibai ere aurkituko du bertan, haurtzaroko lagun handia izan zena eta espetxetik atera berria dena. Ibaik norbait hil zuen duela hamar urte, inori azalpenik eman gabe. Jon Muñoz, Aritz Kortabarria, Nekane Otxoa, Iraila Elias, Sambou Diaby, Iñigo Aranburu eta Miriam Cabeza dira aktore lantaldeko parte.

4. 300 Haritz

Aitor Arangurenen fimak lehenengo baserriak egiteko behar izan zituzten 300 haritzei egiten die erreferentzia. Basoa agortutakoan, harriarekin hasi ziren.  Arantzazuko kriptan, Mahaia Kolektiboko 23 sukaldari esperientzia sakon batean murgildutako artistekin bildu dira galdera funtsezko bati heltzeko: nola eutsi identitate propioari gaur egun? Erantzun itxietatik urrun, 300 Haritzek kide izateak eta aurrera egiteak zer esan nahi duen hausnartzen du, jatorria galdu gabe betiere.

5. Irailak 

1935eko amaieran, Miguel Bargak  —Izaskun Arandia zuzendariaren birraitonak — familia Tolosan utzi eta Burgosera, bere jaioterrira, itzuli zen. Familiari jakinarazi zioten Miguel gerran hil zela, eta haren gorpua ez zen inoiz itzuli. Birraitonaren heriotza tabu familiarra izan zen hainbat hamarkadatan; alabaina, 2018an Gogora Institutuaren DNA programak haren gorpuzkiak identifikatu eta datu asko ezagutu zituzten familiakoek, bi galdera garrantzitsu erantzun gabe geratu baziren ere: "zergatik joan zen hara eta zergatik hil zuten?"

6. Itzalak argitzen
2025ean, Eusko Jaurlaritzak, EITBk eta Euskadiko Filmategiak 80ko hamarkadaren erdialdean euskaraz zuzendutako lau film ertain berreskuratu eta zaharberritu zituzten. Prozesu luzea izan zen eta Bolognako L'Immagine Ritrovata laborategietara jo behar izan zuten. Koldo Almandoz eta Gorka Bilbaoren dokumental honetan lau zuzendarien bidaia eta Italian egindako prozesua kontatu dute.
 
7. Txakun Txakür

Elsa Oliarj-Inesen dokumental honetan eskola eta haurren jolasaldia agertzen da. Zortzi urtez haur talde bera filmatu du, bere buruari hainbat galdera eginez: nola hazten gara besteen begiradapean? Urteak igaro ahala, jolastokiko jokoak rol-joko bihurtu zirela jabetu zen, "jada ez zara nire laguna" izatetik "zu ez zara jolastuko" izatera. Egun batean berandu iritsi zen eta oihuen ondoren, Elise jo zutela ikusi zuen. Galdera hau egin zion bere buruari: Nola ez nintzen lehenago konturatu?
 
8. Sacamantecas

David Perez Sañudoren pelikula Araban kokatua dago, XIX. mendean. III. Karlistaldia hilzorian dagoela, emakume batzuk itota agertu dira Gasteizko kanpoaldean. Angela Berrostegieta, biktimetako baten ahizpa, justizia bila agertuko da, kriminala Juan Diaz de Garayo nekazari analfabetoa dela frogatu nahian. Haatik, Pio Pinedok —aguazilen buruak—  gerra-garaiko baliabide faltari eta agintarien presioari aurre egin beharko die; izan ere, agintariek nahiago dute hilketen gorakada ezkutatzea. Patricia Lopez Arnaiz, Antonio de la Torre, Joxean Bengoetxea, Edurne Azkarate, Eneko Sagardoy, eta Haizea Carneros aritu dira aktore lanetan.

9. Hamalau gau

Oskar Alegriaren filmak Jorge Oteiza artistaren unibertsoan barna doan ibilbidea egiten du, eta barnealdeko gau bat ere nagusitzen da: Arantzazuko santutegiko organoaren ondoan gertatzen dena. Han giltzapetuko da Alegria zinemagilea, hamalau gau horiek Iñar Sastre pianistari kontatu eta kantatzeko, azken honek filmaren irudiak ikusi gabe ere, teklen bidez irudikatzeko helburuarekin. Hamalau, Oteizak Arantzazuko fatxadan jartzea lortu zuen apostoluen kopurua delako; eta hamalau, hark berak zioen bezala: “gehiago kabitzen ez zirelako”.

10. Muguruza FM 40 Tour

Ander Merinoren dokumentalak Fermin Muguruzak bere ibilbidearen 40.urteurrenaren aitzakian egindako bira du abiapuntu. Dokumental musikal honek ibilbide horren pultsua jasotzen du; kontzertu jendetsuak, kilometroak errepidean, bidean zehar egindako topaketak eta belaunaldiak zeharkatu dituen energia partekatua, Kortatu eta Negu Gorriak taldeetatik hasi eta gaur egungo bakarlari ibilbidera arte.