Donostiako Zinemaldi Alternatiboak crowdfunding kanpaina jarri du martxan
Pantaila profesionala eta proiektorea erosi nahi dute, eta herri mugimenduaren esku utziko dute beharra dagoenean.
Donostiako Zinemaldi Alternatiboaren 14. edizioa izango da aurtengoa. Irailean izango da, Zinemaldi ofiziala baino egun bat lehenago hasiko da eta egun bat geroago amaitu. Antolatzaileek azaldu dutenez, gauero dokumental bat proiektatzeko asmoa dute kalean eta beste zenbait lekutan, iaz hasitako bidean sakonduz. Izan ere, Sagueseko frontoian, Txantxarreka gaztetxean, Trinian, Letaman gaztetxean, Marruman eta Gladys Enean egin zituzten proiekzioak joan den urtean. Toki hauek mantendu eta auzo gehiagotara zabaldu nahi dute ekimena. Lanketa horretan badihardute ere, Donostiako auzoren batean antolatzen lagundu nahi izanez gero, eurekin harremanetan jartzeko e-posta helbidea eman dute: dzinemaldialternatiboa@gmail.com.
Hain zuzen ere, proiekzio horietarako "pantaila profesional bat eta proiektore on bat" erosi nahi dute eta horregatik jarri dute martxan crowdfunding kanpaina. Gainera, baliabide horiek komunitatearen esku ere jarriko dituzte. Bi mila euroko gastua izango dela aurreikusi dute eta herri mugimenduei finantzaketa kanpainan parte hartzeko deia luzatu diete, ahal duten ekarpena eginez, beharra duenak baliabide horiek erabiltzeko aukera izango duela kontuan hartuta.
Ordainsari gisa, diseinu berridun materiala sortuko dute: poltsak, kamisetak, jertseak, eta izerditakoak. Gutxienez 3.000 euro lortzeko helburua finkatu dute, eta hala izanez gero, hurrengo urteetan ere kalean herri zinema eder bat antolatzeko behar diren elementu guztiak eskuratzeko erabiliko dute.
"Herritarrok guk geuk antolatuta, kalean zinema proiektatzean sortzen den komunitatea oso indartsua dela jakitun gara, eta hori sustatu nahi dugu indar osoz. Kultura, behetik eta herritarrontzat pentsatua, ohikoan zinema aretoetatik eta halako festibaletatik kanpo uzten dituzten lanez gozatzeko", adierazi dute.
