Donostiako Poltsiko Antzerkia: magia, umore eta antzerki emanaldiak
Maiatzaren 7tik 24ra izango dira ikuskizunak, hiriko hainbat txokotan.
Donostiako Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren hogeita hamabosgarren edizioak formatu txikiko ikuskizunak programatuko ditu maiatzaren 7tik 24ra bitarte, antzerkia herritarrei hurbiltzeko asmoz. Saioetan bakarrizketak, magia, umorea eta antzerki emanaldiak egingo dira.
Ohiko moduan, hiriko hainbat auzotan eta ezohiko agertokietan izango dira ikuskizunak, esaterako tabernetan edo lokaletan. Jendearengana gerturatu eta formatu eta proposamen berriekin esperimentatze aldera. Guztira hamazazpi konpainiak hartuko dute parte eta 30 emanaldi egingo dituzte, hiriko 27 gunetan.
Euskarazko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren deialdiko irabazleak hartuko dute parte besteak beste. Horietako bat, irabazle izendatua, Idoia Garzesen eta Mikel Martinezen Taxi antzezlana. Ofizioaren ajeek nazkattua taxia haizea hartzera bidaliko lukeen taxista bat da protagonista. Baina maitabera da oso, eta erretrobisorean enmarkatutako bezeroen begiradek maitemindu egiten dute txoratu arte. Haiei begira ibiltzen da, begirik ezin kenduta.
Bigarren postua lortutako Euskal musikarekin, kontuz! antzezlana ere izango da, Tessa Andonegi eta Ainhoa Aierberen eskutik. Txikitatik entzundako doinu, kantu, melodia eta bestelakoak aztertuko dituzte umorez, eta ikuspegi kritikoz eta perspektiba feministaz.
Manex Astigarragak Margolari bakarrizketa taularatuko du. Pertsona zein animaliei izenak jartzeko duen gaitasuna aitzakia harturik, irudi surrealistak, satira soziala, umore absurdoa eta beltza eta beste hainbat kontu uztartuko ditu.
Ugaitz Alegriak eta Getari Etxegaraik Destiny Driver emanaldia egingo dute. Zita bat izango duten bi pertsonaren istorioa da. Destiny Driver izeneko software batek erabiltzaileari erabakiak hartzea errazten dio: begiak itxi eta bi etorkizun posible. Ezagutu berri den bikoteak haien etorkizuna imajinatu ala softwareak esaten dienaz fidatzearen artean erabaki beharko du.
Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik Eskailerapekoak laugarren bakarrizketa ikuskizuna aurkeztuko dute Donostian. Oraingoan ere eskailerapean ezkutatuak dauden gaiak, bizipenak, krisiak eta aukerak kontatuko dituzte. Kritika eginez, deseraikiz eta barre eginez.
Esti Curielek ere bakarrizketa ekarriko du: Rosi ni. Rosi noraezean ibili da urtetan eta azkenik bere tokia aurkitu du mendian, ardiekin eta artzainekin. Abandonuaz eta bidegurutzeetan hartzen ditugun erabakiez arituko da, umore absurdoz beteriko istorioan.
Emanaldi gehiago ere izango dira, tartean Alazne Etxeberriaren Artificial, Peio Rivasen eta Maga Gisellen magia ikuskizunak, edota Gilkiratxo konpainiaren Alperrak, tunanteak eta maleanteak.
Ikuskizun guztietarako sarrera doan izango da eta hemen kontsulta daiteke programazio osoa.
Amaiera festa maiatzaren 22an
Jaialdiaren amaiera festa egingo dute Convent Gardeneko kriptan, maiatzaren 22an. Demodé Quartet taldeak A kupela show-a eskainiko du, munduko folklorean barrena egindako bidaia musikala, a cappela kantua eta umorea uztarturik. Los gandules aragoitarrek Extravagancia obraren interpretazio musikala egingo dute. Festarako gonbidapenak egun berean jarriko dituzte salgai, 11.30ean, Donostia Kulturako leihatiletan eta webgunean.