Donostiako Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren XIII. proiektu deialdia martxan da

Proiektuak aurkezteko epea irailaren 16an amaituko da. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatuko dira.

Formatu txikiko antzerkiaren inguruan euskarazko lanen eskaintza urria izan ohi dela eta, euskarazko sorkuntzak bultzatzea da ekimen honen helburua. Hamahirugarren deialdi honen xedea ere koprodukzioa izango da. Izan ere, aukeratutako bi proiektuen sorkuntza eta ekoizpena laguntzeaz gain, deialdi honetan landutako obren estreinaldia egingo da hurrengo Poltsiko Antzerkia Jaialdiaren programazioaren barruan. Aukeratutako bi antzezlanetako bakoitzak lau emanaldi egingo ditu hiriko hainbat tabernatan.

Banaka zein taldeka aurkeztu ahal izango da eta mota eta genero guztietako proiektuak onartuko dira, baita diziplina artekoak ere. Hori bai, Poltsiko Antzerki formaturako egokiak izan beharko dute, hau da, ostalaritza-establezimenduen edo antzezpenak egitea erabakitzen den antzeko espazioen baldintzetara egokitu behar dira, eremu horien errealitatea eta tamaina kontuan hartuta.

Antzezlanak jatorrizkoak, estreinatu gabeak eta euskarazkoak izango dira, eta gidoiak ezin dute idatzita egon deialdiaren aurretik.  Iraupenari dagokionez, gutxienez 30 minutukoak eta gehienez 70ekoak izan behar dute.

Proiektu irabazleak 2.500 euro jasoko ditu Poltsiko Antzerki Jaialdian egin beharreko lau emanaldien truke. Finalistak, berriz, 2.000 euro eskuratuko ditu. Era berean, sormen-proiektuak gauzatzeko, kultur etxeek abenduan zehar espazioak utziko dituzte aukeratutako antzezlanak muntatzeko.

Proiektuak aurkezteko azken eguna irailaren 16a izango da. Helbide elektroniko honetara bidaliko dira: kulturekintza@donostia.eus. Honako dokumentazioa bidali beharko da: eskaera inprimakia beteta, proiektu-txostena, eszena baten lagina (idatzia edota ikus-entzunezkoa) eta parte-hartzaileen aurreko lanen eta proiektuen aurkezpena. 

Oinarriak hemen kontsulta daitezke.