Donostiako piratek Eskifaia gazte kofradia aurkeztu dute

Hiriko gazte koadrila pirata guztien elkargune izan dadin nahi dute, piraten jai ereduaren baitan eurek beraiek beren egitaraua osatzeko gunea, harremanak landuz elkar ezagutzeko gunea eta hiriko jaietan gazteek “irabazitako” txokoa. Koadrila bakoitzaren nortasuna galdu gabe, “talde handiago baten parte” direla sentitu eta azaldu nahi dutela argitu dute.


Aste Nagusi berezia izango da aurtengoa Donostiako Piratentzat, izan ere, hamar urte joan dira lehenengo piratek buruari eragin eta Donostia abordatzearen ideia jaio zenetik, beti ere jai herrikoien aldeko aldarria bandera hartuta.

Urte hauetan guztietan, makina bat gazte eta koadrila batu dira, eta kolektibo gisa sortutakoa mugimendu bihurtu da.  Aisialdia eta jaiak beste modu batera bizitzeko eta antolatzeko grinak orduko hartan bezain bizirik dirau orain ere, baina mugimenduak hartu duen bolumenak eta “piraten barnean aurten izandako aldaketek” berekin ekarri omen dute kofradia osatzea.

“Orain arte, elkartzen ginen arren, –adierazi dute– ekimenak aurrera ateratzen genituen arren, ez genuen gazte koadrila guztiak batuko gintuen erreferentziarik. Bakoitzak bere kolore, marrazki, logo, banderak... eraman izan ditugu soinean, eta ez dugu hori galdu nahi. Guztion koloreekin osatzen jarraitu nahi ditugu jai herrikoiak. Baina bakoitza bere koadrilaren parte den bezala, gazte kofradiaren parte ere izango bagara, irudi eta izena ezinbestekoak izango dira. Koadrila bakoitzaren nortasuna galdu gabe, talde handiago baten parte garela sentitu eta azaldu nahi dugu”.

Hala, hilabete hauetan zehar ideiak trukatzen aritu ostean, guztiak ordezkatuko dituen nortasun zabalago hori aurkitu dute: Eskifaia Gazte Kofradia.

Eskifaia elkarrekin sortzeko eta gorpuzteko, berezko espazio bat sortu dute www.izanpirata.info webgunean.