Donostiako Piratei Flamenka gunean kontzertuak antolatzea debekatu die Eusko Jaurlaritzak
Aurten ere, urteroko legez, abuztuaren 10etik 18ra bitarte egingo den Aste Nagusi Pirata aurkezteko agerraldia egin zuten atzo Donostiako kaian. Eta berriz ere, zoritxarrez, adierazi zuten jaiak aurrera ateratzeko zailtasunak izan dituztela Eusko Jaurlaritzak ipinitako oztopoengatik.
Duela bi urte ere salatu zituzten Eusko Jaurlaritzak tasa moduan ordainarazitako 14.300 euroak. Bada, aurten ere Flamenka gunea musikaz abordatzeko debekua ezarri diela Jaurlaritzak azaldu zuten atzo burututako prentsaurrekoan. Jaurlaritzatik arrazoi zehatzik eman gabe, Flamenka gunean ez dela kontzertu gehiagorik egingo erabaki du eta antolakuntzak jaigunea guztiz berrantolatu behar izan du oso epel laburrean. Hori dela eta, azken asteetan gune berri bat diseinatzen buru-belarri aritu dira. Azkenean, kontzertuetarako agertoki nagusia Kirol Portuaren eraikinaren alboan kokatuko dute.
Arazoak arazo, oztopoak gainditu dituztela ziurtatu zuten piratek eta abuztuan berriz ere Donostia abordatzeko prest agertu ziren. Horrela, egitarau oparo eta anitza eskainiko dute beste urte batez. Eta zu batuko zara festara?