Donostiako Piratak jaietarako prest daude

Asteleheneko abordatzeaz gain, Olaia Inziarte, Ibil Bedi, Ezpalak eta Esne Beltzaren kontzertuak izango dira, besteak beste.

Bihar hasiko da Donostiako Aste Nagusia, hilaren 19ra bitarte, eta Donostiako Piratek, ohiko moduan, auzolanaren, jai herrikoien eta parte hartzaileen aldeko apustua egin dute. Ezkila kapitaina eta Matti laguntzailea ere festen parte izango dira. Mattiren aldarrikapena piraten "baloreekin bat datorren lana egiten duen mugimendu, elkarte edo talde batek" islatuko du. Aurtengoan Zaporeak elkarteari egingo diote aitortza, Greziara iristen diren errefuxiatuei janari duina eskaintzen dien irabazi asmorik gabeko elkartea. 

Zortzi eguneko egitaraua prestatu dute eta orotariko ekintzak antolatu dituzte: bertso saioak, kalejirak, kuadrillen arteko jolasak, playback lehiaketa, bizifesta, azoka, herri bazkariak... Abordatzea astelehenean, hilak 14, egingo dute eta baltsez eta piratez beteko dira Donostiako kaiko urak. Gaur amaituko da, hain zuzen ere, abordatzean parte hartu nahi dutenentzako izen-ematea.

Haurrentzako jarduerak ere izango dira, hala nola ur-jolasak, jockey tailerra eta abordatze txikia. 

Kontzertu ugari Flamenkan eta Trinitate Plazan
Gauak girotzeko ez da musikarik faltako. Flamenkan, besteak beste, Mugan, Ibil Bedi, Olaia Inziarte, Nøgen, Herenegun, Sua, Ezpalak, Esne Beltza, XSakara eta Janus Lester arituko dira.

Trinitate Plazan, berriz, Ginger, Rukula, Indabe, Bi Zaldi, Muare, Erroka, La Jodedera eta Alarma Morea taldeak igoko dira oholtzara.

Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.

Erasorik gabeko festen aldarrikapena
Piratek argi utzi dute erasorik gabeko festak nahi dituztela eta horien aurrean erantzuteko prest daudela. Hala, kai­gunean erasoak salatzeko puntu morea jarriko dute, bertan salaketa egiteko, eta hala behar duenari Bulebarreko artatze gunera akonpainamendua egingo zaio. Bulebarrean, Emagin elkarteak kudeatutako artatze-gunea jarriko dute behar duenari lehen arreta emateko. Gunea  eguerdiko 13:00etatik goizeko 10:00ak arte egongo da zabalik.

Tamalez, erasoak izango direla aurreikusten dute piratek, eta hori dela eta, abuztuaren 19an, arratsaldeko 19:00etan, egingo den salaketa-ekimenean parte-hartzera deitu dituzte hiritarrak.