Donostiako 48. Liburu Azoka zabalduko dute gaur

Uztailaren 9ra bitarte izango da irekita eta liburu aurkezpenak ere antolatu dira.

Euskadiko Liburu Ganbarak antolatzen duen Donostiako Liburu Azoka gaurtik uztailaren 9ra bitarte izango da zabalik, Gipuzkoa plazan. Liburu-denda eta banatzaileen nobedadeak egongo dira salgai bertan. Azoka 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara egongo da zabalik.

Azokaz gain, liburu aurkezpenak eta idazleekin topaketak egingo dituzte Liburutegi Nagusiko Konstituzio plazako aretoetan. Gaur, Miguel Usabiagak A rueda aurkeztuko du, 19:00etan, San Jeronimo aretoan. 

Uztailaren 4an, 19:00etan, Cristina Lizarbe eta Ane Eslavak Cartas a una mujer negra lana izango dute hizpide San Jeronimo aretoan. Hurrengo egunean, Felix Marañak El bosque no es un árbol repetido aurkeztuko du prentsaren aurrean. Egun berean, 19:00etan, Eduardo Escobar 59 cigüeñas liburuaren inguruan arituko da San Jeronimo aretoan.

 

Uztailaren 6an, Laura Balagué, Javier Sagastiberri eta Juan Infante San Jeronimo aretoan izango dira, 19:00etan, Una investigación laica lana dela eta. Azkenik, arratsalde horretan bertan, Felix Marañak El bosque no es un árbol repetido liburua aurkeztuko du San Telmo museoan.