Donostiako Larrotxene Bideoko ekoizpenak emango dituzte bihar Antzoki Zaharrean
Ekitaldirako gonbidapenak bertako lehiatilan hartu beharko dira, goizez zein arratsaldez.
Larrotxene Kultur Etxeak, ikus-entzunezko eremuan espezializatutako zentroak, ikasturtean zehar egindako lanak aurkezten ditu urtero Bideoaldian. Hogeita hamalau urte dira Larrotxeneko bideo espezializazioa martxan jarri zela Intxaurrondo auzoko Larrotxene Kultur Etxean, eta 500 produkzio baino gehiago ekoitzi dira eta ehunka koprodukzioetan parte hartu dute.
Bideoaldiaren 34. edizioa egingo da bihar, arratsaldeko 19:00etan, Antzoki zaharrean. Ikasturtean zehar egindako lanak eskainiko dituzte bertan. Ikastaroko lan guztiak euskaraz egin direla nabarmendu dute antolatzaileek, eta Bideoaldian lan bakarra izango dela gaztelaniaz, La carga.
Zinema Zuzendaritza ikastaroaren barruan, Pablo Maloren ikasleek Koadro goriari heldu film laburra zuzendu dute. Andoni de Carlosek irakasten duen Gidoigintza Hastapena ikastaroko ikasleek, berriz, Plataforma eta Gauero film laburrak sortu dituzte. Michel Gaztanbidek zuzenduriko Gidoi Aurreratua ikastaroko ikasleen Minus 64 kg eta Bonita lanak ere ikusi ahal izango dira. Koprodukzioen atalean Jone K. eta La Carga film laburrak proiektatuko dira.
Ekitaldirako gonbidapenak Antzoki Zaharreko leihatilan jaso ahalko dira egunean bertan, 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 19:00etara. Pertsona bakoitzeko gehienez bi gonbidapen eskuratu ahal izango dira.