Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldiaren hogeigarren edizioa ostiralean hasiko da
Justizia unibertsala, abortatzeko eskubidea, Ukraina eta etxegabetasuna izango dira, besteak beste, filmen eta solasaldien gaietako batzuk.
Giza eskubideen defentsaren eta urraketaren hainbat alderdiren inguruko hausnarketa, sentsibilizazioa eta eztabaida bultzatzea da zinemaldiaren helburua, baita herritartasun aktibo bat sustatzen laguntzea ere, justiziarekin eta ekitate sozialarekin konprometitua.
Aurtengo filmen proiekzioak batez ere Victoria Eugenia Antzokian izango dira; Antzoki Zaharrean, berriz, bi emanaldi egingo dira. 32 nazionalitateko 40 pelikula (27 film luze eta 13 film labur) programatu dira guztira. Estibaliz Urresola Solagurenek zuzendutako 20.000 erle espezie (2023) filmak emango dio hasiera datorren apirilaren 21ean, Victoria Eugenia Antzokian, Donostiako Giza Eskubideen 20. Zinemaldiari. Proiekzio batzuekin batera, solasaldiak ere antolatu dira, filmen protagonistekin, zinemagileekin eta hizpide diren gaien inguruko adituekin.
Hamazazpi film luzek parte hartuko dute Zinemaldiaren Sail Ofizialean; horietatik 14 lehiaketan. Urresolaren pelikulaz gain, honako hauek ikusi ahal izango dira: Fernando Guzzoniren Blanquita (2022), Sílvia Munten Las buenas compañías (2023), Ainhoa Andraka eta Zuri Goikoetxearen Cabeza y corazón (2022), Nishtha Jainen The Golden Thread (2022), Philippe Fauconen Les Harkis (2022), Alain Ughettoren Interdit aux chiens et aux italiens (2022), Ander Iriarteren Karpeta urdinak (2022), Coco Schrijberren Look What You Made Me Do (2022), Stéphane Malterre eta Garance Le Caisneren The Lost Souls of Syria (2022), Mantas Kvedaravičiusren Mariupolis 2 (2022), Alexandru Belcen Metronom (2022), José Antonio Vitoriaren Nadie está lejos (2022), ). Jafar Panahiren No Bears, Iratxe Fresnedaren Tetuan, Béatrice Polleten Toi non plus tu n'as rien vu (2022), eta Michal Blaškoren Victim (2022).
Bestetik, Tabakaleran hiru film proiektatuko dira, Zinema eta memoria zikloaren baitan: Mark CousinsenThe March on Rome (2022); Rithy Panhen Everything Will Be OK (2022); eta Rabah Slimaniren Wanibik: The People Who Live in front of Their Land (2022).
Gainera, hiru film eskaini dira hiriko ikastetxeetako ikasleentzat. Guztira hamar emanaldi izango dira, aurrez aurrekoak, Antzoki Zaharrean. Hauek dira eskainiko diren filmak: Yoko oporretan (2022), Trash (2020) eta Gabi, 8 urtetik 13 urtera (2021).
Bestalde, inaugurazioko ekitaldian Carmen Castillo zinemagile eta idazle txiletarrak jasoko du aurtengo sari berezia. Itxiera, berriz, apirilaren 28an izango da Toi non plus tu n'as rien vu (2022) film frantsesarekin, eta film luzeen eta laburren sariak banatuko diren gala izango da.
Bost erakusketa ere antolatu dira zinemaldiaren programazioaren barruan. Okendo Kultur Etxean Carmen Castilloren inguruko erakusketa dago maiatzaren 4ra arte, Aiete Kultur Etxean Malalari buruzkoa ekainaren 11ra arte, Victoria Eugenia Antzokian arte eta giza eskubideen ingurukoa ostiraletik apirilaren 28ra arte, Alderdi Ederreko Udal Liburutegi Nagusian Tetuanena maiatzaren 6ra arte, eta Lugaritz Kultur Etxean Angeles de la guarda izenekoa maiatzaren 5era arte.
Emanaldietarako sarrerak Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia Antzokiko leihatiletan eta Internet bidez eskura daitezke. Egitarau osoa hemen kontsulta daiteke.