Donostiako Cristina Enea parkeko animalia eta landareen aldaketak ezagutzeko argitalpena sortu dute

Hilabete bakoitzeko informazioa jasotzen du eta parkearen planoa ere diseinatu du Amaia Torres ilustratzaileak.

Cristina Enea Fundazioak Cristina Eneako biztanleengan, animaliengan zein landareengan, hilero ikus ditzaketen aldaketak jasotzen dituen argitalpena kaleratu du. Marisol Garmendia Ekologia zinegotziak adierazi duenez, "Cristina Enea bere itxurarik bikainenean dago orain, zuhaitz eta landare hostotsu guztiekin, baina parkea bizirik dago urteko 365 egunetan. Liburua, hain zuzen ere, parkean barrena egindako ibilbidea da, urte osoan zehar izan dituen aldaketetan. Parke bera da, baina estanpa desberdinak ditu urtaroen eta garaien arabera".

Parkeko faunan eta floran ikus daitezkeen aldaketa eta gertakari natural nagusiak biltzen ditu, hilabetez hilabete eta urtaroz urtaro. Adibidez, uztailari dagokion atalean, zera azaltzen da: "Paumatxo txiki jaioberriak beren lehen urratsak ematen ikus ditzakegun garaia da, beti ere beren ama babesleek une oro eskoltatuta". Azarokoan, berriz, Ginkgo biloba zuhaitz espezieari buruz hitz egiten da, udazkenean erakusten duen urre koloreko estaldurarekin. 

Hilabete bakoitzari buruzko informazioaz gain, liburuak eskaintzen dituen datuak osatzeko gune bat ere badu liburuak, norbere oharrak, hausnarketak eta bestelako informazioa eransteko.  

Argitalpenaren irudiak Amaia Torres ilustratzaile donostiarrak egin ditu. Halaber, Cristina Enea parkearen plano bat diseinatu eta ilustratu du, A4 formatuan, liburuarekin batera datorrena, eta animaliak eta landareak kokatzeko balio duena

Argitalpen mugatua da, eta hamar euroan eros daiteke, euskaraz zein gaztelaniaz, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean eta Donostia Berdea parke eta lorategiei buruzko informazio-gunean, Cristina Enea parkeko sarrera nagusiaren ondoan.