Donostiako Aste Nagusian, I. Sagardo Azoka
Larunbat honetan, abuztuak 11, hasiko da Donostiako Aste Nagusia, eta aste betez jai giroa nagusituko da Gipuzkoako hiriburuan. Aurten lehen aldiz, gainera, I. Sagardo Azoka antolatuko dute Gros auzoko Katalunia plazan, eta egunero, iluntzeko 19:00etatik aurrera, hamahiru sagardotegitatik ekarritako edari freskoa eta jateko paregabea dastatu ahal izango da bertan. Musikarik ere ez da faltako!
Inoiz baino indartsuago dator aurten Donostiako Aste Nagusia. Piratek ere hamargarren urteurrena dute, eta azken hilabeteetan antolatutako ekintzekin batera, egitarau potoloa prestatu dute egunotarako. Gaur bertan emango dute guztien berri, eta Abordaia, koadrilen arteko jokoak, kontzertuak, bazkari herrikoiak, txosna guneko ekitaldiak, Irrikitaldia eta abar, urtero legez, ez dira faltako! Gainera, sorpresa ugari izango direla iragarri dute.
Baina Donostiako Piraten Aste Nagusiarekin batera, hiriburura hurbiltzen direnek ezingo diote beste zita bati hutsik egin: I. Sagardo Azokari, hain zuzen. Gros auzoko Katalunia plazan jarriko dute, berriki birmoldatutako espazioan, alegia, eta egunero zabalduko dute.
19:00etatik aurrera 01:30ak arte, afaltzeko eta sagardo onena dastatzeko aukera izango da bi gunetan banaturiko eremuan: zutik edo eserita jateko lekuak. Txorizo eta bakailao tortilla pintxoak, txuleta eta bakailao razioak sagardotegiko menua tripa bapo betetzeko.
Eta noski, sagardoa izango da protagonista nagusia. Gaztañaga, Sarasola, Alorrene, Gurutzeta, Zapiaian eta beste zazpi sagardotegitatik ekarritako edari freskoa txotxetik nahiz botilatik eskuragarri. Giroa alaitzeko eszenatokia ere prestatuko dute, eta musikarik ez da faltako aste osoan zehar. Animatu zaitezte!
Irekiera
Igandean, abuztuak 12, iluntzeko 19:00etan egingo dute inaugurazio ekitaldi ofiziala, eta bertan izango da, besteak beste, Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea.