Donostiako Altza auzoa ezagutzeko jolasa

Parte-hartzaileek pista eta froga bidezko erronkak gainditu beharko dituzte ezkutuko mezua zein den jakiteko.

Mezu sekretuaren bila jolasaren bidez Donostiako Altza auzoari buruzko kontuak hobeto ezagutzeko aukera izango dute hiritarrek, bertako historia eta naturaren ingurukoak bereziki. Jolaserako baliabidea pista eta frogaz beteriko Harria parkeko planoa da eta parte hartuko duten bilatzaileek erronkak gainditu beharko dituzte ezkutuko mezua deszifratzeko. Cristina Enea Fundazioa eta Donostia Kulturaren artean antolatutako jolasa da eta bakarka edo talde txikitan egin daiteke.

Hauxe da jokoaren abiapuntua: San Martzial elizako artxiboetan 1620ko dokumentu misteriotsu bat aurkitu dute non Juan Martinez de Arriagak, Arriaga Zar-en etxetik hurbil lurperatutako altxor bat aipatzen duen. Horrek hankaz gora jarri ditu Altzako bizilagun guztiak. Plano zahar bat da, Harria parkean eta inguruetan ezkutatuta dauden pistak eta gakoak dituena. Hauek ebazten dituena Arriagatarren ondarera iritsiko da.

Jolaserako behar den mapa webgunean eta Casares Kultur Etxean lortu daiteke.