Donostiak ere bat egingo du gaur #p2pWikisprint nazioarteko ekimenarekin

Hego Ameriketako, Espainiako, Italiako eta Greziako taldeekin batera, Euskal Herriko talde batek ere parte hartuko du gaur egingo duten #p2pWikisprint jardunaldian. Maratoi txiki bat bailitzan, tokian-tokiko taldeek beren inguruko p2p (peer-to-peer) proiektuak komunean jarriko dituzte munduko mapa osatzeko.



Tabakalerak eta ColaBoraBora nazioarteko #p2pWikisprint jardunaldian parte hartuko duen euskal taldea koordinatzeko lanetan ariko dira gaur, martxoak 20, Donostiako Cristina Enea Fundazioan; ekimena, bere osotasunean, nazioarteko P2P Foundation koordinakundeak abiatu du. Helburua Hego Ameriketako, Italiako, Greziako, Espainiako eta baita Euskal Herriko banakoek ere p2p filosofiaren inguruan dituzten esperientziak, proiektuak, lanak, ideiak… komunean jarri eta webgune batean islatzea da, munduko mapa bat osatzeko asmoz.

Euskal Herriaren kasuan, kooperatiben tradizioak eta Creative Commons lizentziapean sortutako dozenaka kultur obrek, besteren artean, lotura zuzena dute p2p edo parekideen arteko sareen ideiarekin, eta horiexek nazioartearekin konpartitzea izango litzateke #p2pWikisprint jardunaldiaren xedea.

Egun osoko lana
Honenbestez, arestian aipatutako herrialde horietako lan taldeek gaurko eguna baliatuko dute informazioa bildu eta webgunea elikatzeko. Izan, wikisprint hitzak berak horixe esan nahi du: epe motzean hainbat pertsona biltzea helburu konkretu bat lortzeko asmoz.

Donostian goizeko 10:00etan hasiko dute eguna Cristina Enea Fundazioko egoitzan. Ongi etorri gosariaren ostean, 11:00etatik 15:00etara bitarte lanean hasiko dira taldeak Hego Ameriketako lagunekin koordinaturik. Ondoren, 16:00etatik aurrera, beren kabuz jardungo dute 18:00ak bitarte.

Azkenik, egunari amaiera emateko, bi hitzaldi eskainiko dituzte: lehenik Ricardo Anton (ColaBoraBora), Jon Agirre Such (Paisaje Transversal) eta Josian Llorente (HirikiLabs-Tabakalera) adituek P2P: Ekoizpena, Gobernantza eta kideen arteko Jabetza izenburudun hitzaldia eskainiko dute gazteleraz, eta 19:30ean, Think Commonsen txanda izango da.

Hala, lortutako emaitza eta ondorioak bildu eta nazioarteko kideen arteko sarera zabalduko dituzte parte hartzaileek, banaketa horizontalak eta lankidetza sistema parekideak indartzen dituzten proiektuak garatzeko asmoz.