Donostia Kultura Poesia Lehiaketan izena emateko epea zabaldu dute
Abenduaren 31ra arte aurkez ditzakete lanak 35 urtez azpikoek.
Balea Zuria argitaletxeak, Donostia Kulturaren laguntzarekin, martxan jarri du Donostia Kultura Poesia Lehiaketaren seigarren edizioa. 35 urte bete gabe dituzten egileei zuzendutako lehiaketa da, euskarazko poesia zabaldu eta idazle gazteen lanari bultzada ematea helburu duena.
Lanen luzera gutxienez seiehun bertso-lerrokoa izango da, eta gehienez milakoa. Gaia, errima eta neurria, berriz, libreak izango dira.
Irabazleak mila euroko saria jasoko du, eta baita Imanol Larrinagaren margolan bat ere. Gainera, Balea Zuria argitaletxeak irabazlearen lana argitaratuko du eta Poesia eta Pentsamendua errezitaldian parte hartzera gonbidatuko dute.
Lanak aurkezteko epea abenduaren 31n amaituko da, eta posta elektronikoz aurkeztu beharko dira, honako helbide honetan: dkpoesialehiaketa@donostia.eus.
Itxaro Borda, Aritz Gorrotxategi eta Eli Tolaretxipi idazleek osatuko dute epaimahaia, eta martxoaren 21a baino lehen emango dute irabazlearen berri.
Aurreko edizioetako garaileak ondorengo hauek izan dira: Estibaliz Martinez Diaz de Cerio, Gorka Salces, Lizar Begoña, Maialen Berasategi Catalan eta Izaskun Igoa.
Oinarriak hemen kontsulta daitezke.
