Donostia ekitaldiz beteko da Euskaraldian eta Euskararen Nazioarteko Egunean
180 bat ekintza antolatuko dira hiriko hamabost auzotan azaroaren 18tik abenduaren 3ra.
Ostiralean hasiko da Euskaraldia eta donostiarrak bezperan, azaroaren 17an, elkartuko dira Donostiako Bulebarrean, 19:00etatik 21:00etara, irekiera ekitaldian. Arratsaldeko seietan emango diote hasiera musika eta dantza saioarekin. Ordubete geroago, Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileen saioa izango da eta, zazpi eta erdiak aldera, Euskaraldiaren mezua irakurriko dute Tanya de la Cruz, Iñaki Salvador eta Sua Enparantzak. Horrekin batera, txapa janzte bateratua egingo dute eta, jarraian, Mugan taldearen emanaldia izango da. Gainera, egun berean, goizeko 10:00etatik 13:00etara, hiru mintzodromo izango dira Donostiako euskaltegietako ikasleentzat.
Donostiako Udalak gogorarazi du oraindik ere eman daitekeela izena Euskaraldian eta azaroaren 17an eta 18an Bulebarrean jarriko den karpan ere izena eman eta txapa jasotzeko aukera egongo dela goizez eta arratsaldez. Hiriko kultur etxe guztietan, Bidebieta eta Benta Berriko kiroldegietan, Bagera elkartean eta Udaleko Euskara Zerbitzuan ere txapak jaso ahal izango dira izena eman eta gero. Jon Insausti Donostiako Kulturako eta Euskarako zinegotziak adierazi duenez, "Euskaraldiaren aurreko bi edizioetan egindako ikerketek erakutsi dute ahobizi edo belarriprest modura identifikatzeak asko lagundu duela hizkuntza ohiturak aldatzen eta, horregatik, txapa soinean duen jende asko izatea lagungarria da ekimenerako".
Bestetik, Euskaraldia girotzeko eta Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko askotariko egitarauak antolatu dira hiriko hamabost auzotan. Azaroaren 18tik abenduaren 3ra 180 bat ekitaldi izango dira Donostian barrena: Aieten, Altzan, Amaran, Amara Berrin, Antiguan, Añorgan, Egian, Grosen, Ibaetan, Igeldon, Intxaurrondon, Loiolan, Loiolako Erribera, Morlansen eta Parte Zaharrean. Batzordeak ilusio handiz ari direla lanean aipatu du Jone Lizaso Bagera elkarteko kideak: “Auzo horietan batzordeak sortu dira egitaraua prestatu eta aurrera eramateko. Guztira, 65 bat eragile aritu dira auzoetako egitarauak antolatzen. Gogotsu ari dira lanean”.
Adin guztietarako jarduerak
Hamasei urte azpikoek Euskaraldian parte hartu ezin duten arren, haientzat ere izango dira ekintzak egun horietan. Hiriko auzoetan adin guztietarako jarduerak izango direla nabarmendu dute: antzerkiak, liburu irakurketak, bertso saioak, zinema emanaldiak, kontzertuak, mintzodromoak, euskararen erabileari buruzko solasaldiak, pailazoen emanaldiak, bisita gidatuak, Jon Maiaren hitzaldia, Kantu Jirak eta abar.
