Distira itzaletan
American way of death atzera begirako tematikoak 1990 eta 2010 bitartean Ameriketako Estatu Batuetan ekoiztutako zinema beltza onena ekarriko du Donostiako Zinemaldira.
Zinema beltza. Film noir. Polizia eta gangsterrak. Sexua eta biolentzia. Dashiell Hammet, Raimond Chandler edota James M. Cain bezalako idazleen hard-boiled eleberrietan oinarrituta, espresionismo alemaniarraren estetika hartu eta 40ko hamarkadako sentipen existentzialista, herstura, fatalismoa, ondo baino hobeto jarri zituzten iruditan The Maltese Falcon (1941), Laura (1944) edota Double Indemnity (1944) bezalako filmek. 70eko hamarkadan, generoa biziberritu egin zen, Neo-noir izenpean, zuzendari belaunaldi berri baten eskutik: Polanski (Chinatown, 1974), Coppola (The Conversation, 1974) edota Scorsese (Taxi Driver, 1976) kasu. Azken hogei urteetan, bi garai horietako gauzarik onenak hartu eta narrazio molde berrietara egokituz film gogoangarriak egin dituzte Quentin Tarantino, Michael Mann, David Fincher edota Coen anaiek. Lan horietako interesgarrienak Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izango dira, 40 filmetik gora, egungo zuzendari laudatuenen hasierako lanak, zinema independenteko harribitxiak eta kultuzko bihurtu diren filmak tartekatuz.
Esaldi zorrotzak
Eta nola ez, zinema beltzak bere-bereak dituen esaldi zorrotzak:
Basic Instinct (1992): Norbait hiltzea ez da erretzea bezala. Utzi dezakezu.
Reservoir Dogs (1992): Gizajo hau behar beste jipoizten baduzu, Chicagoko sute madarikatua hasi zuena izan zela aitortuko dizu; baina horrek ez dizu ziurtatzen hori egia denik!
Seven (1995): David, hiltzen baduzu, berak irabazten du.
L. A. Confidential (1997): Zoaz New Jerseyra bueltan. Hau Aingeruen Hiria da, eta zuk ez daukazu hegorik.
Training Day (2001): Ardiak zaintzeko otsoa akatu behar da. Eta otsoa harrapatzeko beste otso bat da beharrezkoa. Putakumea! Ipurdian tiro egin didazu!
Gure proposamenak
Miller"s Crossing (1990), Zuz: Joel eta Ethan Coen.
Dashiell Hammeten lan batean oinarrituta, Coen anaiek generoaren ezaugarri klasiko guztiak bildu zituzten gangster film honetan. Ironikoa, iluna eta elegantea, eszenaratze bikainduna. Basoko sekuentzia eta tiroketarena zinemaren historian sartu dira. Zuzendari onenaren zilarrezko maskorra Donostiako Zinemaldian. Coen anaien Fargo (1996) harribitxia ere ikusgai izango da.
Little Odessa (1994), Zuz: James Gray.
Two Lovers (2008) zoragarriaren zuzendariak 24 urterekin zuzendu zuen Little Odessa, bere lehen filma. Joshua hiltzaile profesionala da eta, jaio zen auzora bueltatzean, anaiari eta orain auzoa kontrolatzen duten etorkin errusiarrei aurre egin beharko die. Film gogorra, bizia, zirraragarria, baina batez ere, ezohikoa. Venezian zuzendari onenaren zilarrezko palmorria irabazi zuen.
Heat (1995), Zuz: Michael Mann.
Banku lapurren filmen paradigma. Gerora behin eta berriro kopiatu dute Mannek erabilitako estiloa. The Dark Knight (2008) maisulanaren hasierako eszena da adibiderik garbiena. Eta ezin ahaztu Al Pacinoren eta Robert de Niroren lana. Inoiz ikusi den polizia-gaizkile aurrez aurrekorik gogoangarrienetakoa.
Hard Eight (1996), Zuz: Paul Thoman Anderson.
Magnolia (1999) edota There Will Be Blood (2009) bezalako filmek egungo zuzendaririk interesgarrienetakoa bihurtu dute P. T. Anderson. Hard Eight bere lehen filma izan zen. Kasinoak eta apustuak gai hartuta, drama bat minutuz minutu thriller harrigarri nola bihur daitekeen erakusten duen filma.
Memento (2000), Zuz: Christopher Nolan.
Nolanek Batman nahi bezala biziberritu izanaren arrazoi nagusia. Amnesiadun gizon bat protagonista duen film honen berezitasun nagusia denboraren trataera da. Filma denboran atzera doa, gertaeren ondorioen ordez hauen arrazoiak argitara emanez. Behin ikusita, zur eta lur geratzeko modukoa. Bi, hiru, lau aldiz ikusita, orduan eta maisulan handiagoa bihurtzen da.
Zodiac (2007), Zuz: David Fincher.
AEBetan izandako serial killer ezagunenetakoari buruzko filma. Banatzaileek ez zioten behar bezalako garrantziarik eman eta areto gutxi batzuetan baino ez zuten proiektatu. Ondorioz, Seven (1995), The Fight Club (1999) edota The Social Network (2010) sarituaren arrakastarik ez zuen izan, baina, zuzendaritzari dagokionez, Fincherren filmik onena izan daiteke.