Diskotekara parrandara? Ez, kirola egitera!

Diskotekak gau giroarekin eta alkoholarekin lotu ohi ditugu askotan, baina bestelako jarduerak ere egiten hasi dira halako espazioetan.

Jende askok gozatzen du gauez diskotekan, musikarekin dantzan, lagunartean. Badira, ordea, diskotekan adrenalina beste modu batera hauspotzen dutenak. Azkenaldian diskoteketan kirola egitea da gero eta ohikoagoa da.

Diskotekaren espazioa aprobetxatu eta argi bereziekin eta soinu-ekipo ahaltsu baten laguntzaz, kirola egitea beste modu bateko esperientzia bihurtzen dute. DJak kirolerako eta mugitzeko gogoa pizten duen playlist-a edo kantu zerrenda osatzen du, eta entrenatzaileak bideratzen du saioa. Hala, 45-60 minutuz edo adostutako denboran jarduera fisiko bizia egiten dute. Ondoren, alkoholik gabeko edariez eta mokaduez gozatzeko aukera izan ohi dute, eta baita musikarekin dantzan aritzeko ere.

Aste honetan bertan, ekainaren 13an, Bilboko Back&Stagen antolatuko dute halako ekimen bat. Bertan elkartu eta bost kilometro egingo dituzte korrika Bilboko itsasadarraren ondotik, jarraian entrenamendu gidatua egingo dute, eta azkenik musika, janaria erronkak eta sariak izango direla aurreratu dute.

Iban Garcia eduki-sortzaile azkoitiarrak ere duela aste batzuk halako esperientzia bat partekatu zuen sareetan. Kasu hartan ere, korrika egin ondoren diskotekara joan ziren musikaren laguntzaz eta entrenatzaileen zuzendaritzapean ariketa fisikoa egiteko. Mugimendua eta giro alaia nabari zen diskotekan.

Zer iruditzen zaizu? Zuk parte hartuko al zenuke halako ekintza batean ala betiko estiloan nahiago?