Diskoa egiteko urratsak

Disko bat grabatzea ez da txantxa, talde batek egiten duen apustu garrantzitsuenetakoa baita. Hona disko bat grabatzeko jakin beharreko zenbait kontu.


Estudioak erabiltzeko prezioak
Grabatzen hasi aurretik, estudioetan grabaketak egiteko prezioak aztertu behar ditu taldeak. Oro har, 30-120 euro bitartean ordaindu behar izaten dira orduko. Dirua izateak, beraz, grabatzeko patxada ere areagotzen du, denbora gehiago erabil baitaiteke diskoa grabatzeko. Diskoetxe batekin kontratua izanez gero, grabazioaren gastuak haren kontura joaten dira.

Aldez aurretiko
lana, ezinbestekoa
Hamar eta hamabost egunen buruan grabatu ohi dute diskoa talde gehienek, baina hainbatek egun bakar batean egiten dute. Denbora alferrik ez galtzeko sekretua? Taldeak estudiora abestiak ondo prestatuta eramatea, eta estudioan
behar bezala erantzutea. Argi izan: estudioa ez da esperimentuak egiteko lekua!

Teknologiaren abantailak
Gaur egun teknologiak sekulako erraztasunak ematen ditu. Estudio profesionaletan 24 eta 30 pista bitarteko mahaietan grabatzen da, eta tresna bakoitza pista batetik sartzen da. Garai batean ez bezala, taldekide bakoitzak bakarka grabatzen du bere tresna.

Grabazio prozesua
Tresna guztiak banaka grabatzen direnez, "klaketa" ezinbestekoa da. Klaketa taldekide guztien artean grabatzen den gida da. Gida horrek gerora musika tresnak grabatzerakoan jarraitu beharreko erritmoa finkatzen du. Gida hori oinarri hartuta, grabatzen den lehen musika tresna bateria da. Ondoren, baxua grabatzen da, oinarri erritmikoa osatzeko. Jarraian, melodikoagoak diren musika tresnak gehitzen dira, gitarrak, esaterako. Azkenik, ahotsa sartzen da.

Nahasketa, erabakiorra
Nahasketa-mahai baten bidez, teknikariek bolumenarekin eta efektuekin jokatuz, abestia osatzen dute. Urrats honetan erabaki garrantzitsuak hartzen dira, eta grabazio osoko unerik gogorrena da, talde askoren ustez. Gustuko soinua lortzea da nahasketaren gakoa eta aurrez egindako lan guztia dago jokoan. Ahotsa ez entzutea, bateria altuegi egotea...denetarik gerta daiteke. Dena den, abestia ona baldin bada, ez omen da hain garrantzitsua nahasketa prozesua.

Sustatze lanak
Uhinetik pistara, pistatik CDra... Azkenean, taldeak badu kaleratuko duen diskoaren masterra! Orain bestelako lana: kaleratzeko eta mugitzeko ordua da. Diskoetxeekin kontratua duten taldeentzat ez da hain zaila, diskoetxeak jarritako hitzorduetara agertzea besterik ez dute egin behar. Diskoetxeek, ordea, geroz eta gutxiago egiten dute apustu talde berrien alde. Horregatik, hasi berriak diren talde askok bere esku hartu behar dute prozesu guztia.