Disko pasionala

'Haria', Berri Txarrak taldearen zazpigarren diskoa kalean da. Lekunberriko lokalean jaiotako kantak Kalifornian grabatu eta ekoiztu dituzte Ross Robinson entzutetsuaren laguntzarekin. Heldu da urtebeteko lanaren emaitza ezagutzeko unea. 


Berri Txarrak "inoiz baino indartsuago eta ausartago" dator Gotzon Barandiaran taldeko prentsa arduradunaren hitzetan. Hamabi abestiz osatutako lana dakarte besazpian, bi formatutan kaleratua: biniloan eta CD euskarrian.
"Erronka berriei aurrez-aurre begira jarri eta barruak eskatzen diguna egin", horixe da, Gorka Urbizu abeslariaren esanetan, hirukoaren jarrera. Ez dira gauzak errepikatu zale eta, horregatik, "gauza berri dezente" aurkituko ditu entzuleak 'Haria' diskoan.  
Berrikuntza horietan zerikusia du, zalantzarik gabe, Ross Robinson ekoizle estatubatuarrak grabaketan zehar izan duen zuzeneko eskuhartzeak. Udan, Venicen, haren estudioan, "izugarri" ikasi dutela dio Urbizuk; "estudioan sortzen diren beldurrak uxatzea baitu helburu". Taldea motibatzeko gaitasun berezia duela adierazi dute,  "mugara" eraman dituela norberaren onena ateratzeko. "Grabatzen, laurok elkarrekin egoten ginen gela berean, jotzen, zuzenean ariko bagina bezala", argitu du Galde Izagirre bateria jotzaileak, eta oso positibotzat jo du grabatzeko molde berri hau. David Gonzalezek gaineratu duenez, Robinsonek modu berezian baloratzen du musikari bakoitzak bere izaerari eustea eta, horregatik, bakoitzaren onena ateratzea lortu du. Dudarik gabe, ez dute esperientzia berehalakoan ahaztuko.

Grabaketa eta nahasketa prozesua bukatu da, baina. Orain urtebeteko lan horren emaitza entzuleei eskaintzeko garaia da. Gorka Urbizuk –gitarra eta ahotsa–, Galder Izagirrek –bateria– eta David Gonzalezek –baxua– otsailean abiatuko dute zuzenekoen bira, baina lehenago, Durangoko Azokako Ahotsenean egongo dira abenduaren 7an.


BTX abenduko GAZTEZULOn


Abenduko GAZTEZULO aldizkarian irakurri ahal izango duzue taldekideei eginiko elkarrizketa eta, gainera, adi!, zuk zeuk ere nahi duzun hori galdetzeko aukera izango duzu-eta gure webgunearen bitartez. Erne ibili, datozen egunetan detaile gehiago emango ditugu!