Dieta osasuntsua

Bukatu da uda, bukatu dira jaiak eta beharbada, aurreko hilabeteetan egindako gehiegikeriak alde batera uztea, gorputza garbitzea eta dieta egokia egitea komeni zaizu. Hona hemen ondo elikatzeko zenbait ideia.


1 - Jakiak era askotan prestatu behar dira
Hau da, jakiak beti frijituta jatea ez da komenigarria, adibidez. Nola presta daitezke jakiak? Labean, lurrinetan, plantxan, egosita…

2 - Hiru fruta ale jan
behar dira egunero
Fruta jatea oso beharrezkoa da. Fruitu mota asko daude eta denetarik har daiteke. Hiru ale horietako batek, ordea, zitrikoa izan behar du: laranja, mandarina…

3 - Bi edalontzi esne egunero

Gutxienez. Esnea ez bazaizu gustatzen, yogurra edo gazta puska bat jan dezakezu.

4 - Haragia, arraina eta arrautza ere jan behar dira

Dieta egoki batek mota guztietako jakiak izan behar ditu. Beraz, haragia, arraina eta arrautza ere jan behar dira. Dena den, bakoitza astean hiruzpalau alditan janda nahikoa da.

5 - Barazkiak edo entsalada egunero

Aspergarria izan daiteke askorentzat, baina ez ahaztu entsalada mota asko daudela eta barazkietan ere eskaintza handia dagoela.

6 - Egoskariak astean bitan

Lentejak, babarrunak, garbantzuak… astean bitan jan itzazu. Gauza bera gertatzen da pastarekin edo arrozarekin.

7 - Oliba edo ekilore olioa

Olioa ere ona da, baina neurrian hartuta: egunean hiru goilarekada jan behar dira. Esan bezala, olibaz edo ekilorez egindakoa erabili behar duzu.

8 - Litro t'erdi ur egunero

Ez du balio edozein edari hartzeak, ura edan behar da derrigorrez. Egunero litro t'erdi zerbeza edateak pikutara bidal dezake aurretik egindako guztia.