Deskonektatzeko mugikor inozoa
Telefonoak bizia xurgatzen dizu? Zure adikzioak sendatzeko helburuz sortu dute The Light Phone II. Lortuko ote du?
Egunean zenbat aldiz begiratzen duzu mugikorra? Ez baduzu inoiz kontatu, egin proba; emaitzak erabat harrituta utziko zaitu. Bataz-beste, egunean 3-5 ordu igarotzen dituzu mugikorrera itsatsita. Ez diguzula sinisten? Probatu mugikorrik gabeko egun bat igarotzen, eta ikusiko duzu zenbat botatzen duzun faltan.
Adikzio hori sendatzeko helburuarekin sortu dute The Light Phone II mugikorra; mugikor inozoa ezizenarekin bataiatu dute, bere funtzio bakarra deiak jaso eta egitea, mezuak elkarbanatzea eta alarma dira. Hau da, hasierako telefonoek zituzten funtzio berak, baina diseinu minimalista eta praktikoarekin.
Joe Hillier eta Kai Tang dira mugikor honen egileak; 2015ean atera zuten lehen bertsioa, eta orain, nabarmen hobetu dute. Hala, mugikor honek ez du sare sozialik ez app-rik; denbora xurgatzen dizun guzti hori ezabatu dute. Etorkizuna iraganean omen dago; zure adikzioa sendatzeko prest?