DESIRAK PROTAGONISTA

Azkar, denboraz larri, ”topera”, arnas-estuka… hau da gure bizitzaren martxa. Zeinek ez ditu horrelakoak esan azken hilabeteetan? Zeinek ez luke lasaiago bizi nahi? Zeinek ez ditu garrantzitsuak diren gauzak urgenteagoak direnengatik alboratu?

Azkarregi bizi garela argi dugu gehienok, eta abiadura hori gure bizitzako eremu askotara zabaltzen da, eremu erotikora barne.
Erotikak gure desirak barnebiltzen ditu, gure irudimena, kitzikapena eta gorputza piztuko duten desira guztiek osatuko dute. Pertsona bakoitzaren erotika berezia da, pertsona bakoitza bakarra eta errepikaezina delako eta, hortaz, baita berotzeko eta gozatzeko beharko duena ere. Baina bada guztiontzako ezinbestekoa den zerbait: denbora.
Ez, ez zait inporta zenbat denbora ematen duzun zakila sartzen, ezta orgasmoak lortzeko behar duzun denbora ere. Berdin dit azken sexu-harremana izan zenuenetik zenbat denbora pasatu den edo hamar minutuko zenbat elkartze izan dituzun gau batean. Ez zaitezte okertu, ez naiz denbora horretaz ari. Horrek kirolarien marketan garrantzia izan dezake, baina elkartze erotikoa ez da kirola, jolasa da, eta denbora ez da garrantzitsua baldin eta ondo pasa badugu, koitoan hiru minutu, hamar minutu edo koitorik egon ez bada ere, gozatu baldin badugu.
Desiratzeko eta desira horiei bide emateko denboraz ari naiz. Desioa bat batean sortzen den zerbait dela oso barneratua dugu, ezer egin gabe piztuko zaiguna, kanpo estimulu bat egotearekin nahikoa balitz bezala. Batzuetan hala da, espero ez dugun estimulu batek pizten gaitu: pertsona baten gorputza ikusteak, begirada batek, gure eskua norbaitek eskuarekin bilatu gabe ukitzeak, sakelekoan agertutako irudi bat… eta “egoera egokian” egonda, desioaz gozatu eta nahi izanez gero, joko erotikoren bat egiteko aukera izan dezakegu. Baina zer behar da egoera egokia izateko?

Artikulua osorik irakurtzeko GAZTEZULORATU edo GAZTEZULOko dendan eskuratu!