Dena taldea: "Nostalgia kulturalean bizi gara".

Dena taldea: "Nostalgia kulturalean bizi gara". Hiru urteko ibilbidea du Dena talde ondarrutarrak. Musikarekiko pasioak batu zituen Beñat Eizagirre (ahotsa eta gitarra), Unai Aretxabaleta (baxua eta koruak) eta Xabat Ituarte (bateria eta koruak) eta egun, "Ezer ez sentitzeko", euren lehen diskoa aurkezten ari dira. Doinu gogorrak dakartzate, baina elektronika ere entzun daiteke abestiren batean, musika bere osotasunean maite baitute, inongo estilori muzin egin gabe. Konplexurik gabe eta gogotsu datoz euskal panoramari haize freskoa ekartzeko asmoz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dena-taldea-nostalgia-kulturalean-bizi-gara/@@download/image/IMG_4986.jpg
2020/10/20

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei
 

Hiru urteko ibilbidea du Dena talde ondarrutarrak. Musikarekiko pasioak batu zituen Beñat Eizagirre (ahotsa eta gitarra), Unai Aretxabaleta (baxua eta koruak) eta Xabat Ituarte (bateria eta koruak) eta egun, "Ezer ez sentitzeko", euren lehen diskoa aurkezten ari dira. Doinu gogorrak dakartzate, baina elektronika ere entzun daiteke abestiren batean, musika bere osotasunean maite baitute, inongo estilori muzin egin gabe. Konplexurik gabe eta gogotsu datoz euskal panoramari haize freskoa ekartzeko asmoz.
Dena taldea: "Nostalgia kulturalean bizi gara".

Rock alternatiboa eta post-hardcorea egiten dituzuela diozue trapa eta moldaketa elektronikoak nagusi diren honetan. Korrontearen aurka igerian sentitzen zarete?  
Bai, zuk esan bezala alternatiboa den musika egiten dugu, gaur egun ez da erraza gure adinekoen artean rock taldeak aurkitzea. Uste dugu sortzailea den, edo zerbait originala egin nahi duen edonork korrontearen aurka igeri egin beharra duela, dena baitago asmatuta. Hala ere, trapa edo elektronika egitea korrontearen aurka joatea da Euskal Herrian. Gure abestietan aurkitu daitezke erritmo traperoak eta esaterako abesti bat guztiz elektronikoa egin dugu, ez dugu aurreiritzirik izan abestiak sortzerakoan, baina bai egia esan nahiko izokinak gara.

Nondik dator estilo hauekiko zaletasuna? 

Nahiko jakingura zaleak izan gara beti hirurok eta beti ibiltzen gara talde berriak ezagutu nahian. Esan bezala, gauza berriak bilatzen ditugu, eta sorpresa asko aurkitu ditugu estilo hauetan. Lau akordeetatik aldentzen diren kantuak maite ditugun hiru friki gara. 

Zuen lehen diskoa argitaratzeko finantziazioa crowfunding bidez lortu duzue Itsulapikoa webgunearen bidez, zer moduzko esperientzia izan da? 
Oso ona. Gero eta zailago ari da bihurtzen hasiberria den talde batentzat estudioan sartu eta diskoa grabatu ahal izatea, diru asko behar da eta jendea ez dago prest izen bat ez duen talde baten kontzertu baten sarrera ordaintzeko. Gainera kontzertuak "dagoenaren" truke jotzen dituzu: gasolinatarako dirua eta hiru ogitarteko, eta ez zara nor katxe bat izateko. Gaur egun kulturak dituen dilemetako bat da hau. Horregatik ikusi genuen crowdfunding kanpaina bati esker diskoa argitaratzeko finantziazioa lortu genezakeela, eta orain hemen gaude gure diskoarekin eskuetan.

Hutsetik hasi zarete beraz, zein dira zuen helburuak? zer lortu nahi duzue Dena taldearen bidez? 
Bai, hutsetik hasi gara eta gure egungo helburua ahalik eta kontzertu gehien jotzea da egoerak laguntzen duen heinean. Bi urtetan egindako lanaz gozatu nahi dugu. DENArekin guk musikarekin gozatzen dugun beste jendeak gozatzea lortzen badugu, gu pozik, eta jendeak abestiak bere egiten baditu are gusturago.

Pandemia garai honetan, kontzertuak emateko aukerak izugarri gutxitu dira, gainera badirudi musika lasaiagoak aukera gehiago dituela egungo kultura ekitaldien formatuaren barruan, zein da zuen egoera? 

Ez dira ez gure kontzertuak eserita ikusteko aproposenak, baina guztion onerako horrelako formatuko kontzertuak ikustera ohitzea izango da onena. Musika lasaiagoa egiten dutenak nabarmen ari dira kontzertuak ematen, mugimendu gutxiago suposatzen dutelako eta eserita lasai entzun daitezkeelako. Espero dugu, egoera hobetzea eta berriz kontzertuak elkarrekin saltoka gozatu ahal izatea. 


Gazteak zarete baina hala ere disko baten aldeko apustua egin duzue, ez al zaizue iruditzen diskoak bere osotasunean, hasieratik bukaerara, entzuteko ohitura galtzen ari dela? 
Askok esan digute hobe izango genuela lehenengo EP txiki bat atera eta gero nahi bagenuen diskoa kaleratu, dirurik ez genuelako. Baina burugogorrak gara eta disko osoa grabatu dugu. Gainera, diskoko abesti guztiek gai berari buruz hitz egiten dutenez zentzuzkoena iruditu zitzaigun lan luze bat grabatzea. Singleetarako joera dago eta bakoitzean bideoklip bat argitaratzea abestiekin batera. Estrategikoki merkeagoa da eta errazagoa da jendeak musika hori entzutea. Alta, gure diskoko abesti guztiek gai berari buruz hitz egiten zutenez zentzuzkoena diskoa iruditu zitzaigun. Alta, bi single aurreratu ditugun arren arren, hasieratik amaierara entzuteko diskoa bat planteatu dugu, ez joera horri kontra egiteko, entzuleak disko osoa entzun dezan baizik, ohitura hori mantentzeko ahaleginetan. 

Argitaratutako single-ak euren bideoklipekin argitaratu dituzue, egun zenbaterainoko garrantzia du irudiak musikan? 
2020an gaude eta gure belaunaldiak gauzak bisualki kontsumitzen ditu, irudiak musika hedatzen laguntzen du eta onartu ala ez musikak entzuleak behar ditu. Diskoak gai baten inguruan hitz egiten duen bezala, estetika jakin bat ere helaraztea erabaki genuen. Hori dela eta, abesti bakoitzari bideoklip txiki bat egin diogu, musika bisualki laguntzeko. Lan handia suposatu du, autoekoitzia izan baita, baina merezi izan du.

Ezer sentitzeko deitzen den zuen lehen diskoa nola definituko zenukete? 
Atzetik lan asko duen diskoa da, abesti guztiek ezer ez sentitzeari buruz hitz egiten dute, baina ahalegindu gara interpretazio zabalago bat izan dezaten diskoan sakondu ahal izateko. Apatia, bakardadea eta ezjakintasuna dira disko honetan agertzen diren gai nagusiak. Nahiko iluna da eta letretan autokritika nabarmentzen da egungo gizartearen kritikarekin batera. Letra intimista hauei egiten dugun musika gogorrak kontrastea ematen die. Erraitetatik ateratzen zaizkigu abestiak. Aipatu dugun bezala, hainbat musika estilo jorratzen ditugu, baina oro har erraz entzuten den diskoa da. 

Zer moduzko esperientzia izan da diskoa grabatzea? 
Uztailean sartu ginen mutrikuko AME estudioan grabatzera Axula Arizmendirekin. Oso gustura egon gogara. Astebetean bukatu genuen abesti asko aurretiaz landuta genituelako. Xabatek bateria guztiak egun batean amaitu zituen, baxuak Unaiek egun eta erdi batean grabatu zituen. Gitarraren soinua bilatzen pasatu genuen denbora gehiena, bozgorailu eta gitarra ezberdinekin probatzeko soinu berezia bilatzeko. Azkena ahotsa eta kolaborazioak izan ziren. Ohitzea da kontua abestian Ruber Benedo ondarrutarrak garrasi batzuk egin zituen eta Arima taldeko Paule Bilbaoren ahotsa entzun daiteke Ahaztea da kontua abestian. 

Nahiko izenburu ezkorra jarri diozue diskoari... zer dela eta?  
Kantu tristeak sortzea errazagoa da kantu alaiak baino. Gure ustez bizitza konplikatuegia da carpe diem bezalako leloez janzteko abestiak. 


Nola ikusten duzue oro har euskal musikaren panorama? 
Espainiar Estatuko beste zonaldeekin alderatuta eszena oso indartsua dugu, baina hala ere gauza asko daude aldatzeko. Ez dago ohiturarik ezagutzen ez dugun talde bat ikustera joateko; daukagunarekin konformatzen gara. Nostalgia kulturalean bizi gara. Sortzaileak ez dira behar bezala baloratzen, artista gutxi batzuk jasotzen duten soilik aitortza. Pena da, momentu honetan proiektu oso interesgarriak baitaude Euskal Herrian. 

Zein dira zuen erreferenteak? 
Galdera zaila da, gure egunerokotasunaren denbora gehiena musikaz betetzen baitugu eta artista ezberdinak entzun. Disko hau sortzerakoan izan ditugun erreferenteak hauek izan daitezke: Birds in row, Deftones, Dut, Lisabö, Berri Txarrak, La Dispute, Nothing, O'Brother, Viva Belgrado, At the drive in, Anari, Bananas, Kae Tempest...


Nola ikusten duzue etorkizuna?  
Garai hauetan ziurgabetasuna da nagusi, ez dakigu bihar konfinatu beharko ote dugun ala ez. Beraz, etorkizunera begira diskoari bere denbora ematea erabaki dugu eta beharbada abesti berriak sortzen hastea.