Demode Quartet taldeak 'A kupela' ikuskizuna eskainiko du Donostian

Abesti ezagunen euskarazko bertsioak kantatuko dituzte, haien inguruko istorio edo pasadizo dibertigarriak ere tartekatuta.

Demode Quartet taldeko lau kideek, musika ulertzeko duten modu dibertigarri eta bereziarekin, garai guztietako abesti ezagunen errepasoa egingo dute, beraiek egindako euskarazko bertsioak eskainiz. Genero ezberdinetako kantuak izango dira, a capella abestuak, eta folklore euskaldunaren eragina izango dutenak. 

Moldaketak erakusteaz gain, gai bakoitzaren atzean dagoen istorioaren inguruko teoria eta pasadizo dibertigarri edo harrigarriak ere kontatuko dituzte.

Hala definitu dute taldekoek ikuskizuna: "Ikuskizun dibertigarria, arina, soinu-kalitate handikoa, eta orain arte erabili ez ditugun esperimentu eta ahots-sorpresa batzuekin, ikuskizunak irauten duen 80 minutuetako bakoitzaz gozatu ahal izateko".

Emanaldiak Antzoki Zaharrean izango dira: larunbatean, 19:30ean, eta igandean, 19:00etan. Sarrerak hemen eros daitezke.