Deabru Beltzak konpainiak zortzi emanaldirekin ospatuko du 25.urteurrena

Bizkaiko zortzi herritan egingo dituzte emanaldiak gaurtik irailaren 4ra bitarte. Gaur Zaramaton arituko dira, 21:30ean, Elexalde plazan.

25 urtean bost kontinente eta 35 herrialde baino gehiago bisitatu eta gero, etxean ospatuko du mende laurdena Deabru Beltzak kale antzerkiko euskal konpainiak. Perkusio, piroteknia eta koreografiaz betetako zortzi emanaldi eskainiko ditu taldeak Bizkaiko beste hainbeste herritan gaurtik irailera bitarte.

Gaur Zaratamon izango dira, Elexalde plazan; bihar, Atxondon, udaletxeko plazan; etzi, hilak 11, Ereñon, udaletxeko plazan; 23an, Diman, udaletxeko plazan; 24an, Alonsotegin, udaletxeko plazan; 25ean, Lemoizen, Armintzakalde Hondartzako parkinean; 26an, Lanestosan, Dantzari plazan; eta irailaren 4an Etxebarrian, udaletxeko plazan. Emanaldi guztiak gaueko 21:30ean izango dira eta, pandemiaren ondorioz, aforoa mugatua izango da, eta bertaratzen direnek eserita ikusi beharko dute ikuskizuna.

25 urteko ibilbidea
Nazioartean ibilbiderik luzeena daukan Euskal Herriko kale antzerki konpainia da Deabru Beltzak. Euskal Herriko hainbat antzerki taldetik etorritako aktoreek sortu zuten 1996an. Ordutik hona, haur zein helduentzat sortutako dozenaka kale antzerki proiektu egin ditu konpainiak, horiekin 3.000 ekitaldi eginez. Bost kontinente eta 35 herrialde baino gehiagotan egin dute lan eta, gainera, arrakasta eta aintzatespena jaso izan ditu nazioartean perkusio-ikuskizunekin.

Horretaz gain, finalista aukeratu berri dute Arte Eszenikoen XXIV. Max Sarietan, Symfeuny lanagatik, kale-ikuskizun onenaren kategorian.