David Perez Sañudoren ‘Azken erromantikoak’ azaroaren 15ean estreinatuko da zinemetan
Aurrez, 72. Donostia Zinemaldiaren New Directors sailean ikusi ahal izango da.
Txani Rodrigezen Los últimos románticos eleberrian oinarritutako Azken erromantikoak filma azaroaren 15etik aurrera proiektatuko dute zinema aretoetan.
Adiskidetasun eta maitasun istorioa kontatzen du pelikulak, eta ustekabeko aldaketez, bigarren aukerez, gizakiaz eta ingurukoekin duen harremanaz hausnartzeko parada ematen du. Gizarte eta lan eraldaketa, iraganeko denboren nostalgia edo guraso eta seme-alaben arteko harremanak ere jorratzen ditu filmak.
Irune, joera hipokondriakoak dituen emakume zalantzati eta bakarti bat, da protagonista. Herri industrial baten kanpoaldeko fabrika batean egiten du lan. Iruneren bizitza ezagunen zirkulu txiki batera mugatzen da: bere lankideak, adiskidea edo halako zerbait den bizilagun bat, eta inoiz hartzen ez dituen trenen ordutegiak kontsultatzen dizkion Renfeko operadore bat. Iruneren oreka hauskorra apurtu egingo da bularrean koskor bat detektatzen diotenean eta, aldi berean, lan-gatazka bati aurre egin beharko dio. Orduan, emakumearen bizitzak ustekabeko norabide bat hartuko du: baliteke ez jakitea, baina betidanik itxaron duen aukera izango du.
David Perez Sañudok zuzendutako filma da, eta berak idatzi du gidoia Marina Paresekin batera. Filmeko aktore nagusia Miren Gaztañaga da.
Zinema komertzialera heldu aurretik, Zinemaldiaren 72. edizioan emango dute fima, zuzendari hasi berriei eskainitako New Directors sailean.