Datorren astean hasiko dira Eibarko Antzerki Jardunaldiak

Komedia, drama, umore, dantza eta musikako ikuskizunek osatuko dute aurtengo edizioa.

Datorren otsailaren 22an abiatuko da Eibarko Antzerki Jardunaldien 45. edizioa, eta apirilaren 1ra arte izango da martxan. Pasa den urtean bezala, Covid-19ak sortutako pandemiaren egungo egoera dela eta, emanaldi guztiak, bat izan ezik, Coliseo Antzokian izango dira.

Jardunaldiaren hasierako hitzaldian parte hartuko dute Ramon Barea eta Mikel Losada antzerkigileek otsailaren 22an, 19:00etan, aurkezle lanetan arituko den Irene Hernando eibartarrarekin batera. El veneno del teatro izenpean, aktoreek solasaldia egingo dute, antzerkigintzan zuzendari eta aktore lanetan hainbeste urtean izandako harremanei buruz.

Otsailaren 24an, Magallanes eta Elkano antzezlana aurkeztuko da, sorkuntza kolektiboko nazioarteko tragikomedia, Pedro Diogo eta Nuria Cuadrado aktoreak protagonista dituena. Antolatzaileen hitzetan, lan honek "hainbat kulturen elkarbizitza, kode eta hizkuntza globalak eta duela urte batzuk toki ezezagunetara egindako bidaietatik geratu zaigun identitate-herentzia aztertzen ditu".

Lehendakari gaia izango da edizio honetako beste proposamenetako bat, Txalo Produkzioak-en eskutik, eta Begoña Bilbao Lejarzegiren zuzendaritzapean. Ramon Madalularen komedia, euskaraz eskainiko dena, otsailaren 28an eta martxoaren 2an, 19:00etan aurkeztuko da. Iker Galartza eta Zuhaitz Gurrutxaga arituko dira aktore lanetan. 

Aurtengo edizioan honako lan hauek ere izango dira, besteak beste: El viaje a ninguna parteLa verdadera historia de la muerte de Francisco Franco; Zintzilik euskarazko musikala; Lof ladies on fight dantza ikuskizuna; Ama tragikomedia, Jokin Oregik zuzenduta; Tarara tragikomedia, Hika Teatroaren eskutik; Golfa, sexualitateari buruzko komedia; Una noche con ella komedia, Loles Leon aktorearekin; Aquiles kale ikuskizuna; Tanttaka Teatroaren Semea pixka bat motelago dabil soilikConversaciones, iaz hildako Rosa Martinez-Alcocer aktore eibartarrari omenaldi-solasaldia; eta El parke del crepuskulo tragikomedia, Paul Austerren Sunset Park eleberrian inspiratua. 

Sarrerak online eros daitezke eta emanaldi bakoitza baino ordubete lehenago ere eskuratu ahal izango dira Coliseo Antzokiko leihatilan bertan. Programazio osoa hemen dago kontsultagai.