Datorren astean hasiko da Iruñeko bertsoaroa
Bertso jaialdiak, haurrentzako lantegia, eta emanaldi bereziak izango dira bertso-zikloaren barruan.
Nafarroako Bertsolari Txapelketa udazkenean jokatuko denez, otsailaren 10etik 24ra antolatuko dute Bertsoaroaren 31. edizioa Nafarroako Bertsozale Elkarteak eta Iruñeko Udalak, "unean uneko bertsolaritzaren berri kalitatez eta aniztasunez" emateko asmoz. Sei emanaldi izango dira guztira: hiru bertso jaialdi, eRRe eta Bederatzikoa emanaldi bereziak eta Bertso jasa, bat-bateko jolasa haurrentzako tailerra. Urteroko legez, Nafarroako bertsolariei eta bertsolari gazteei eman nahi izan diete protagonismoa antolatzaileek.
Lehen mailako bertso jaialdia izango da egitarauko lehen ekintza. Alaitz Rekondo arduratuko da gaiak prestatu eta jartzeaz, eta haiei kantari arituko dira Amets Arzallus, Eneko Fernandez, Nerea Ibarzabal, Maialen Lujanbio, Julio Soto, eta Alazne Untxalo. Otsailaren 10ean izango da saioa, Nafarroako Antzerki Eskolan, 19:00etan. Otsailaren 15ean, berriz, eRRe emanaldia eskainiko dute, toki eta ordu berean. Jendartea zatitzen duten dikotomiak eta etiketak abiapuntu hartuta, dualismoetan hausturak proposatzen ditu eRRek. Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, eta antzerkiaz gain, helduentzako ipuin- kontaketak eta poesiak ere badute lekua.
Bertsolari gazteen saioa ere izango da otsailaren 17an, 19:00etan, Katakraken. Bertsoaroak bertsolari gazteak ere aintzat hartu nahi izan ditu egitarauan azken urteetan, "bertsolaritzaren orain eta etorkizun diren horiei plazan trebatzen eta kantatzen segitzeko aukera" emate aldera. Haira Aizpurua Ibargarai, Ekain Alegre, Naia Arrizabalaga, Beñat Astiz, Gorka Pagonabarraga, eta Ekhiñe Zapiain Arlegi arituko dira bertsotan, Ainhoa Larretxea gai-jartzailearen esanetara.
Txikienek ere izango dute haien tokia Bertsoaroan. Aurreko urteetan bezala, Bertso jasa, bat-bateko jolasa lantegia eskainiko da, otsailaren 19an, 11:00etan, Txantreako Salestarretan. Haur eta gaztetxoez osatutako publikoari zuzendutako bertso-saioa izango da. Haurrek jolas eta ariketen bitartez gaiak eta egoerak proposatuko dituzte, eta modu horretan, bertso saioa osatuko dute bi bertsolari gonbidatuek, Bittori Elizaldek eta Josu Sanjurjok. 8 eta 12 urte arteko haurrei eskainiko zaie tailerra, eta izen-ematea ezinbestekoa izango da, nafarroa@bertsozale.eus helbidera mezua idatzita, otsailaren 17a baino lehen.
Otsailaren 22an Bederatzikoa izeneko emanaldi berezia eskainiko da, Kondestable Civivoxeko areto nagusian, 19:00etan. Obrak bederatzi sinfonia osatu zituen Beethovenen obra eta bizitzari egiten dio errepaso, bertsolaritzak berezkoa duen bederatzi puntuko neurriari ere erreferentzia eginez, eta neurri horretan kantatu diren bertso antologikoak publiko aurrera ekarriz. Bertsoa eta pianoaren musika nahastuko dira, beraz, oholtza berean. Xabier Lizaso eta Andoni Egaña izango dira protagonistak.
Otsailaren 24an bukatuko da aurtengo Bertsoaroa, eta ohiko gisan, bertso jaialdiak emango dio amaiera. Saioa Alkaiza, Miren Artetxe, Sustrai Colina, Nerea Elustondo, Xabat Illarregi eta Eneko Lazkoz arituko dira bertsotan, Maialen Belarra gai-jartzailearen aginduetara. Saioa 19:00etan izango da Nafarroako Antzerki Eskolan.
Antzerki Eskolan egingo diren hiru emanaldiek bosna euroko sarrera izango dute, eta hiruentzako bonoa eskuratu ahal izango da 12 eurotan Sarrerak antzokiaren webgunean daude salgai. Beste bi emanaldiek sarrera librea izango dute, aforoa bete bitarte.
