Darabilbo programak euskarazko aisialdiko ekintzak antolatu ditu apirilerako

Orientazio-jolasa, literatura-hitzaldia, gastronomia eta kakorratz-laneko tailerrak izango dira datorren hileko eskaintzaren barruan.

Darabilbo udal programak hainbat ekintza eskainiko ditu apirilean. Hileko lehenengo jarduerak Korrikarekin izango du zerikusia. Apirilaren 1ean bi orientazio-saio egingo dira Santutxu eta Txurdinaga auzoen artean. Saioek bina ordu iraungo dute; lehena goizez izango da (08:00etan) eta bestea arratsaldez (16:00etatik aurrera). Egun berean, arratsaldez, 18:30ean, literatur hitzaldi bat egingo da Edorta Jimenezekin Otxarkoagako auzo-etxean.

Apirilaren 5ean, asteartea, 10:00etan, elikadura tailerra egingo da Santutxuko udaltegian. Hurrengo egunean, apirilaren 6an, Korrika Bilbora iritsiko da. Elorrietatik sartuko da 19:28an, eta Bilboko auzoetan zehar ibiliko da 23:31ra arte. Ordu horretan irtengo da euskararen aldeko lasterketa Zorrotzatik. Ibilbide osoa hemen ikus daiteke. 

Apirilaren 7an, osteguna, 18:30etik aurrera, Uribarriko udaltegiak kakorratz-laneko tailerra eskainiko du. Azken jarduera Aste Santuaren ondoren izango da, apirilaren 26an; gastronomia tailerra egingo dute, 18:30ean, Laboren, pasta agroekologiko eta artesanala egiten ikasteko. 

 

Jardueretan parte hartzeko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea webguneandarabilbo@gmail.com helbide elektronikoan edo 607 530 132 telefonoan.