Dantza eta praktika garaikideak izango dira Larraulen, Mutiloan eta Altzon

Mugimendu, ahots eta plastikako tailerretan parte hartzeko aukera izango da eta baita hainbat ikuskizunez gozatzeko ere.

LABO GEO ekimenak landa eremuko herri txikietako gazteak kultura eta arte eszenikoetara hurbiltzea du helburu. "Hirietan ematen diren praktika artistiko garaikideak deszentralizatu, eta espazio eta publiko berriak sortu nahi ditu, ingurunearekin eta komunitatearekin bat eginez", azaldu dute antolatzaileek.

Irailaren erdialdetik aurrera, mugimendu, ahots eta plastikako tailerretan parte hartzeko aukera izango da. Guztira bederatzi ekimen izango dira Gipuzkoako hiru udalerritan: Altzon, Larraulen eta Mutiloan.

Irailaren 14an, mugimendu, ahots eta plastikako tailerrak izango dira Larraulen. Bi ordu eta erdi inguruko iraupena izango dute, eta dohainik izango dira. Hurrengo egunean, ikuskizunak egingo dira: Noderen Batu, Jone Amezaga eta Manu Gaigneren Remedios Vals, eta Mari Zaunkaren Leiho zikin, zeru garbi.

Irailaren 21ean ere mugimendu, ahots eta plastikako bi ordu eta erdiko tailerrak eskainiko dira Mutiloan. Biharamunean, hainbat emanaldi egingo dituzte: Borja Bordonaberen Solo; Neri(h)ariren Nere azalean arrotz?, eta Larrua Proiektuaren Idi begi.

Irailaren 28an ere tailerrak egingo dituzte Altzon eta, hurrengo egunean, ikuskizunen txanda izango da: DABek Nun Zira? aurkeztuko du, Cielo Rasok Reset eta Osa+Mujikak Bueltaxka.