"Cyberflashing": genitalen argazkiak bidaltzea delitu bilakatu da Erresuma Batuan

Hartzailearen baimenik gabeko argazki eta bideo intimoak bidaltzea bi urterainoko kartzelarekin zigortu liteke hemendik aurrera Erresuma Batuan.

Smartphone-ak gure artera iritsi zirenetik argazki eta bideo intimoak ohiko bilakatu dira eta gehiegitan jazarpen metodo bezala erabili ohi dira. Orain, Erresuma Batuko legedi berriarekin ekintza hau delitu kriminal bilakatu da eta bi urterainoko kartzelaldiarekin zigortu liteke, beti ere, genitalen bidalketa hartzaileak eskatu gabe burutzen baldin bada behintzat. Araudi berriak material honen bidaltzea gaitzetsiko du izan sare sozialetan, zita aplikazioetan edo Bluetooth zein Airdrop bitartez. 

Erresuma Batuan 2020an burutu zen ikerketa baten arabera, 12-18 urte bitarteko nesken %75,8ak mutiko edo gizonezkoen biluzien irudiak jaso ohi dituzte eurek hala nahi ezta ere. 

Lege berriak, cyberflashing-a praktikatzen dutenak zigortu nahi ditu bi urterainoko kartzelaldiarekin. "Norberaren plazer sexualagatik soilik genitalen argazki edo bideo bat bidaltzen duenak biktimarengan umiliazioa, asaldazioa eta herstura sor ditzake, eta horregatik kartzela zigorrari aurre egin beharko dio", azaltzen du araudiak. 

Sareko erabiltzaile batzuek adierazi dute asko delitu hau estaltzen saiatuko direla "lagun arteko txantxa" izan zela esanez. Horregatik, Gobernuak araudi integralagoa eta zuzenagoa exijitu du, epaitzeko errazagoa izan dadin.