'Critterz', adimen artifizialarekin egingo duten animazio filma

2026ko maiatzean estreinatzeko asmoa dute, Canneseko zine jaialdian.

OpenAIk ia osorik adimen artifizial bidez egindakoa izango den Critterz animazio filmaren berri eman du. Filmak basoko izaki batzuek biziko dituzten abenturak eta zorigaitzak kontatuko ditu. Izan ere, kanpotar bat iritsiko da herrixkara eta bazterrak nahastuko ditu. Aurreikuspenen arabera, 2026ko Canneseko zine jaialdian estreinatuko litzateke pelikula.

OpenAIko sortzailea den Chad Nelson duela hiru bat urte hasi zen pertsonaien zirriborroak egiten, testua oinarri hartuta irudiak sortzen dituen DALL-E programarekin animazio film laburra sortu nahian zebilela. Orduan abiatutako proiektu honi forma emateko, Londresko Vertigo Films ekoiztetxea izango dute bidelagun, eta baita adimen artifiziala produkzio-tresna tradizionalekin uztartzen aditua den Los Angeleseko Native Foreign ere. 

Adimen artifiziala erabilita, proiektua bederatzi hilabetean gauzatu nahi dute. Kontuan izan behar da halako ekoizpenek hiru bat urteko garapena behar izaten dutela. Pixar-ek azaldu izan dutenez, haiek lau urte inguru behar izaten dituzte proiektuko; lehen bi urteetan pertsonaia eta istorioa zehazten dituzte, eta gainerako bietan animazioa eta beharrezko efektuak eta ukituak egiten dituzte. 

Horretaz gain, kostuan ere bada aldea. Critterz-ek 30 milioi dolarreko, 26.000 euro inguruko, kostua izango du, animaziozko filmeen batez bestekoa baino nabarmen baxuagoa. Pixar eta Disneyren proiektuek, aldiz, 150 eta 200 milioi dolar arteko kostua izan ohi dute. 

Hala ere, ez da guztia adimen artifial  bidezkoa izango. Bikoiztaileek emango diete ahotsa pertsonaiei, eta adimen artifizialaren bidez antzaldatuko dituzten marrazkien zirriborroak egiteko artistak kontratuko dituzte. Gidoia, berriz, Paddington in Peru: Lost in the jungle-n filmean parte hartutako lantaldeak idatziko du. 

Ez da adimen artifiziala ekoizpenetan erabiliko den lehen aldia, baina hainbesteko erabilerak errezeloak eta kezka eragiten ditu. Halakoen jakitun direnez, Vertigoren jatorrizko enpresa den Federation Studios-ek konpentsazio eredu bat garatu du, pelikulan lanean ari direnek diru-etekinen zatiren bat jaso dezaten. 

Ondo bidean, maiatzean Cannesen izango da eta ondoren zinemetan estreinatuko da. Film honek arrakasta izango duen ala ez ikusi beharko da, eta etorkizunean pelikulen industrian eta bertako langileengan izan dezakeen eragina.