Cristina Enea Fundazioak aire libreko zinema emanaldiak antolatu ditu Donostian
Ostiralean eman zuten lehen filma eta beste lau eskainiko dituzte datozen egunetan. 'Fantastic Mr. Fox' emango dute ostegunean Arriaga parkean.
Bi urtez etenda egon ondoren, Cristina Enea Fundazioak aire zabaleko udako zinema-zikloaren bederatzigarren edizioa egingo du. Proiekzioak, Cristina Enean ez ezik, hiriko hainbat parketan egingo dira aurtengoan. Aire zabaleko zinema eta horren inguruan sortzen den giroa hainbat auzotara eramatea da helburua, gero eta donostiar gehiagori ikuskizun honetaz gozatzeko aukera emateko asmoz. Horrela, Araba parkean egindako emanaldiaz gain, Urumeako ibai-parkean (Txomin/Martutene), Altzako Arriaga parkean eta Bidebietako Salvador Allende parkean ere izango dira proiekzioak.
Joan den ostiralean E.T. extralurtarra eskaini zuten Araba parkean, eta hurrengo hitzordua ekainaren 30ean izango da, 22:30ean, Urumeako ibai-parkean. Fantastic Mr. Fox filma eskainiko da, gaztelaniaz. Hurrengo egunean, berriz, Brian's life pelikula proiektatuko dute, 22:30ean, Altzako Arriaga parkean.
Uztailaren 7an, 22:30ean, Lotia filma ikusi ahal izango da, Cristina Enean. Proiekzioa parkearen goiko aldean egingo da, Mandasko duke-dukesenak izandako bi eraikin nagusien artean.
Azken emanaldia uztailaren 8an egingo dute, 22:30ean, Bidebietako Salvador Allende parkean. Brian's Life filma eskainiko dute, gaztelaniaz.
Eguraldiagatik emanaldiren bat edo beste bertan behera geratuko balitz, bi data erreserbatuko dira, uztailaren 14a eta 15a, beren jatorrizko kokalekuetan ordu berean eman ahal izateko.