Covid-19aren bigarren olatua gertatuko al da?

Labur esanda: Ez dakigu. Hala ere, horrelako egoera antzekoetan zer gertatu izan den aztertu daiteke.

Joandako mendean gripearen hiru pandemia jazo ziren. Hilkorrena 1918koa izan zen eta hiru olatu pairatu ziren orduan: 1918ko udaberrian, urte bereko udazkenean eta 1919ko neguan. Zital eta kutsakorrena bigarren olatua izan zen, kutsatuen %64 hil zirelarik. Izan ere, lehen olatua izan zen indar gutxiena izan zuena, kutsatuen %10 bakarrik hil zen. Bigarren aldian birusean genoma aldaketak ikusi ziren eta horrek azaldu dezake zergatik izan zen arriskutsuagoa.

1957. urtean beste gripe birus berri bat azaldu zen gripe asiarra deitutakoa, eta orduan ere hiru olatu izan ziren: 1957ko udaberri-uda aldean lehena, eragin nahiko baxuarekin, 1958an iritsi zen bigarren olatua eta hirugarrena 1958-59ko neguan. Hilkortasuna altuagoa izan zen bigarren olatu honetan ere. Hamar urteren ondoren, 1968an, gripearen birus berri bat sortu zen, Hong Kong gripea deitutakoa. Honen zabalkundea motelagoa eta irregularragoa izan zen: udazken-neguan hasi zen ipar hemisferioan eta neguan bigarren olatua gertatu zen, eragin handiagoarekin. 

Azken gripearen pandemia, A gripea deitutako pandemiarena izan zen 2009-2010 urtean. Ez zuen horrenbesteko eragina izan eta ohiko gripe baten efektua izaten amaitu zuen. Horrela, birus hau gizakietara egokitu zen eta ordutik gure artean bizi da eragin handiegirik gabe. Beraz, hau behatuz ikus daiteke bigarren eta hirugarren olatuak hilkorragoak izan direla historian zehar. 

SARS-CoV-2aren kasuan, olatu berrien agerpenak birusa beraren araberakoak izango dira eta honek gizakietara egokitzeko duen ahalmenaren araberakoak. Baita, gure immunitatearen araberakoak eta birusa transmititu eta kontrolatzeko dugun gaitasunaren araberakoak ere,

1918an gertatu zen bezala, birusa hilkorragoa bilakatu al liteke?
Ez dakigu, baina orduko gripea ez bezala, Covid-19ak ez ditu aldaketa gehiegi jasaten. Bere mutazio gaitasuna ez da horren handia, egonkorragoa dirudi. Gainera, zenbait kasutan frogatu da birus honek animalia espezie batetik bestera salto egin dezakeela, bere ostalarira egokituz eta hilkortasun maila jaitsiz. Hau da, birus bat mutatzen den guztietan ez da hilkorrago bihurtzeko, orokorrean aurkakoa gertatzen da. Hala eta guztiz ere tentuz ibili beharra dago oraindik. 

Birusaren aurka immunizatuak al gaude?
Epidemiaren zabalkundea ekiditeko birusaren transmisio katea moztu beharra dago. Hau lortzeko biztanleen %60ak infekzioaren aurka babestuak egon behar dute, horrela hauek birusarentzat muga bezala jokatzen dute, oraindik kutsatu ez direnak kutsatzea ekidinez. Talde immunitate bezala ezagutzen da hau eta pertsona kopuru handi batek gaixotasuna pasa duenean gertatzen da edo txertoa lortzean. Birus honekin ordea, oraindik ez dugu ez txertorik, ezta talde immunitaterik ere. 

Hala ere, birusa gainditu izanagatik, oraindik ez dakigu antigorputzak sortzen diren ala ez. Eta hala balitz, ez dakigu zenbat irauten duen babes horrek eta bigarren kutsatze batetik zaindu ote gaitzakeen.


Koronabirusaren kasuan, beste mutazioetan behintzat, antigorputzak hilabeteak edo urteak iraun ditzake, eta dirudienez kutsatzetik babesten du, baina pertsonaren araberakoa izan daiteke hori, guztietan ez baitu efektu berdina. Hala ere, oraindik talde immunitatea posible litzatekeen ala ez misterio bat da. Honen aurrean, hiru balizko egoera azaltzen dira: 

1. Bigarren olatu askoz ere gogorrago bat 2020ko neguan, hirugarren olatu txikiago batek jarraituta 2021. urtean zehar. Egoera hau aurretik jazotako gripearen pandemien jokabide antzekoa litzateke. Koronabirusa ordea, ez da gripe bat, ez du zertan berdin jokatu. Egoera hau gertatuko balitz konfinamendu neurrietara bueltatu beharko ginateke udazken-negu aldean osasun sitemaren kolpsoa berriz ere gertatu ez dadin. 

2. Zenbait epidemia olatu urtebete edo bi urtetan zehar. Lehen olatu honi jarraituko liokete beste zenbait olatuak, errepikatuko direnak modu konstantean, urte pare batean zehar, 2021-22 urteetako momenturen batean desagertuko den arten. Hauen maiztasuna eta intentsitatea herrialde bakoitzaren kontrol neurrien araberakoa izango da. 

3. Agertze txikiak patroi zehatzik gabekoak. Lehen olatu honen ondoren, agertze txikiak azalduko dira pixkanaka itzaltzen joango direnak herrialde bakoitzak hartutako kontrol neurrien arabera. Egoera honekin ez litzateke beharrezkoa konfinamendu zorrotzera itzultzea, nahiz eta kasuen gorakada eta hilen kopurua ere gora egiten jarraituko lukeen denbora batez.

Argi dagoena da, egoera hauetako bat gertatuta ere, birusa gure artean egongo dela denboratxo batez. Beharbada negu sasoiarekin sinkronizatzen joango da eta apurka bere intentsitatea galtzen. Epidemia olaturik beharbada ez  da berriz gertatuko, baina arnasketari eragiten dion birus berri bat, eta ondorio larriak dituena gainera, hainbat birusen zerrendara gehitzea ez da berri ona. Beraz, segurtasun neurriak presente edukitzea ezinbestekoa da, biztanleriarik zaurgarrienak guztion artean zainduz.