COVID-19a errotik kendu al liteke?

Zientifikoak lanean buru-belarri, osasun langileak nekatuta, politikariak erreta, enpresariak porrot eginda, langileak lanik gabe eta txertoa tantaka ari da iristen. Hau da teleberriak egunero erakusten digun panorama latza, egunerokotasuna distopia batean bilakatu delarik.

Ez da erraza baikortasunari eustea garai hauetan, baina saiatu gaitezen. Gizateriak lehendik ere gauza lazgarriak gainditu ditu. Nafarreria esate baterako. Orain dela gutxi arte nafarreria sekulako mehatxua zen osasunarentzat. 

Gaixotasun kutsakor honek hilkortasun tasarik gorenenak bost urtetik beherako haurretan zituen eta gaixotasuna gainditzea lortzen zutenek sekulako ondorioekin bizi behar izaten zuten, horien artean: itsutasuna, entzefalitisa edo osteomielitisa. Hori gutxi balitz, sekulako orbain sakonak uzten zizkieten oroigarri bizitza guztirako. 

Baina lortu zen gaixotasun latz hau gainditzea. Txerto eraginkorrak garatu ziren eta azken kasua Somalian erregistratu zen 1977. urtean. Osasunaren Mundu Erakundeak 1980ean gaixotasun hau planetatik erauzia izan zela iragarri zuen. 

Koronabirusarekin arrakasta berdina posible al da? Bi gaixotasunen arteko alderaketa egiten badugu ezberdintasun oso esanguratsuekin aurkitzen gara: 
-Nafarreria oso gaixotasun ikusgarria zen. Pustulak eta erupzioak eragiten zituen birusak azalean, eta hori dela eta berehala atzeman zitekeen PCRa bezalako frogarik gabe. Hori dela eta, ez zion inork inori esan behar norbait horrela ikusterakoan segurtasun neurria zaintzeko. 
-Kutsatzetik lehengo sintomak agertzerainoko tartea oso laburra zen. Horrek esan nahi zuen gaixotasuna ezin zela azkar zabaldu atzeman aurretik. 
-Nafarreriaren birusak gizakiei soilik eragiten zien, ezin zen birusa beste inongo animaliatan ezkutatu. Koronabirusak ordea ez du diskriminaziorik egiten. Oraingoz dakigunaren arabera, berdin dio sagu-zaharretan, bisoietan edo pertsonetan egon. 
-Nafarreritik bizirik atera zirenak eta txertoa hartu zutenek erabateko immunitatea lortzen zuten bizitza guztirako. Ezin esan genezake berdina COVID-19az, ez baitakigu txertoak zenbat denboraz babestuko gaituen. 
-Azkenik, nafarreria zientziak ondo ezagutzen zuen gaixotasuna da, historian aspalditik eongo izan baitzen. COVID-10a ordea iritsi berria da laborategietara eta ez dio mutatzeari uzten. 

Hala eta guztiz ere, baikortasunerako arrazoirik ba al dago? Noski baietz. Aztertu ditzagun goian azaldutako bi kasuen arteko beste ezberdintasun batzuk:
-Biologia molekularrean, genetikan eta birologian azken 50 urte hauetan egin diren aurrerapenak sekulakoak izan dira. 
-Internet existitzen da. Tresna miragarri hau mirari bat izan da zientziarentzat. Denbora errealean munduan sortzen ari diren jakintza guztiak eskura eduki daitezke. Sarean lan egiteak interkonektibitatearen utopia egi bihurtzea eragin du alor ezberdineko zientzialarien artean. Hori dela eta, ezagutza zientifikoak azkar zabaltzen dira eta hori dela eta, azkarragoak bihurtzen dira prozesuak ere. 

Beraz, adituak ziur daude gaindituko dugula pandemia hau (ere), beste hainbat birusetako beste bat gehiago bihurtuz COVID-19a.